Maxixatzen euskaldunon elkarteak 30 urte betetzen ditu aurten eta urteurrena ospatzeko hainbat ekintza egingo dituela iragarri du. Puntako bertso saioa izango da horietan lehenengoa. Otsailaren 21ean egingo dute, 19:00etan, Floreaga ikastetxeko aretoan. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Eneritz Artetxe azkoitiarra ariko dira bertsotan. Gai jartzaile lanetan, berriz, Amaia Ugalde ariko da.
Elkarteak azaldu duenez, 1999ko otsailaren 20an antolatu zuten bertso saio baten replika izan nahi du urteurreneko saioak. Orduko hartan, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Jon Sarasua aritu ziren bertsotan, Laxaro Azkunek jarritako gaiei erantzunez.
Otsailaren 21eko saiorako sarrera orokorrak 10 euroko kostua izango du, eta euskara elkarteko kideek, berriz, 5 eurotan eskuratu ahal izango dituzte. maxixatzen@maxixatzen.eus helburura idatzita edo 675 857 111 telefonora WhatsApp mezu bat bidalita erreserbatu daitezke sarrerak. Egunean bertan jaso ahalko dira sarrerak saioko lehiatilan, eta bertan erosteko aukera ere egongo da.