Azkoitiko Euskara Plana azaltzeko bigarren bilera egingo dute etzi

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 19a

Hainbat lagun abenduaren 17an Euskara Indarberritzeko eta Euskaldunak Ahalduntzeko Plana osatzeko egindako bileran. (Azkoitiko Udala)

Lehen bilera abenduaren 17an egin zuten, eta bilera hartan jasotako proposamenak aztertuta, osatuta eta lehenetsita egin duten planaren behin-behineko zirriborroa azalduko dute etziko hitzorduan. 18:30erako jarri dute hitzordua, Elkargunean.

Azken txanpan da Azkoitiko Udaleko Euskara sailak martxan jarritako Euskara Indarberritzeko eta Euskaldunak Ahalduntzeko Plana egiteko parte hartze prozesua. Izan ere, azaroaren 24tik abenduaren 4ra herritarren proposamenak jaso zituen udalak, eta asteazkenean plana osatzeko bigarren eta azken bilera egingo dute, 18:30ean, Elkargunean.

Lehen bilera abenduaren 17an egin zuten, eta bilera hartan jasotako proposamenak aztertuta, osatuta eta lehenetsita egin duten planaren behin-behineko zirriborroa azalduko dute etziko hitzorduan. Proposamenari onarpena eman nahi dio udalak, gero udalbatzarrean onesteko eta plana indarrean jartzeko.

Eusko Jaurlaritzak Aroa. Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa onartu zuen 2024an, datozen hamar urteei begira, eta udaleko Euskara sailak marko estrategiko berrira egokitu beharra du, euskararen normalizazioan hark ezarritako irizpideak jarraitu behar dituelako. Ondorioz, orain arte indarrean zegoen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) ordezkatuko du plan berriak.

Asteazkeneko bilera udaleko Euskara sailak eta Euskara Mahaiak sustatuta egingo dute, eta herritarrak bilkuran parte hartzera gonbidatu dituzte. Izan ere, haien arabera, "inplikazio eta erantzukizun partekatua" eskatzen du plan berria garatzeak, Azkoitiko herriari eta Azkoitiko herritarrei begira egindako egitasmoa delako. "Euskararen erabilera handitzeko, Azkoitia euskal hiztun kontzienteak eta aktiboak dituen herria izatea da xedea, eta datorren hamarkadarako eragile publiko zein pribatu guztientzako marko eta bide orri bat eskaintzea, hiztunak aktibatzeko eta ahalduntzeko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide