Udane Juaristi Azkoitiko artistaren lanak ikusgai daude Donostiako Okendo kultur etxean zabaldu berri den Hiruki izeneko erakusketan. Errealismoan oinarritzen da erakusketa, eta azkoitiarraren lanak ez ezik, Susana Ferreira eta Cristina Guerrera sortzaileenak ere ikus daitezke.
Juaristik hamabi koadro jarri ditu Donostiako erakusketa kolektiboari aterpe eman dion aretoaren hormetako batean. Tamaina handiko lanak dira gehienak, baina paperean egindako lau lan txiki daude horien artean. Handiak ala txikiak, lan guztiek lotura zuzena dute elkarren artean. "Elkarrizketan daude. Batzuk kolore biziz margotuta daude, beste batzuk zuri-beltzean, baina elkarri ekarpena egiten diote", esplikatu du.
Egunerokotasuneko paisaia urbanoak jaso ditu azkoitiarrak bere mihiseetan, eta kalean aurki daitezkeen pertsonengan eta haien mugimenduan jarri du fokua. Mugimendu hori harrapatzeko, protagonismo berezia eman die zapatilei edo oinei. "Espazioa bera, hiria izan daitekeena, bigarren plano batean geratzen da, eta mugimenduak hartzen du garrantzia", azaldu du azkoitiarrak.

Kalean egindako argazkiak oinarri hartuta sortzen ditu koadroak Udane Juaristik, eta irudi horiek egiterako orduan, jendearen arropa, koloreak, estiloa edo momentuko argitasuna izan ohi du inspirazio iturri. Juaristik ez du agertzen pinturatan agertzen diren pertsonen identitatea, "anonimotasun horrek laguntzen duelako ikusleek lanak modu askean interpretatzen".
Mihisea gainditzen dute azkoitiarrak Donostiara eraman dituen hamabi lanetako bik. Aretoko pareta erabili du lan horiei dimentsio desberdinak emateko.
Hiruki erakusketa kolektiboa martxoaren 7ra arte egongo da ikusgai Donostiako Okendo kultur etxean.