Fitur azokan izango dira Azkoitiko udal ordezkariak, Ignaziotar Bidearen berrikuntzak azaltzen

Ihintza Elustondo 2026ko urtarrilaren 16a

Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkartea sortzeko ekitaldia, iaz, Montserrateko monasterioan. (Azkoitiko Udala)

Datorren astean egingo dute Fitur nazioarteko turismo azoka Madrilen, eta Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak Ignaziotar Bidearen berrikuntzak aurkeztuko ditu han. Bertan izango dira Azkoitiko Udaleko ordezkariak ere. 

Fitur nazioarteko turismo azoka egingo dute datorren astean Madrilen, eta urtarrilaren 22an, ostegunez, Ignaziotar Bidearen berrikuntzak aurkeztuko dituzte han jendaurrean. Hain zuzen ere, Ignaziotar Bidea: Bide bakarra, 10 helmuga leloa aurkeztuko dute azokan. Horrez gain, Ignaziotar Bidearen informazio eta baliabide guztiak biltzen dituen webgune berria ezagutzera emango dute, eta lehen helmuga turistikoak ere aurkeztuko dituzte: hamar bisita eta esperientzia proposamen, hain zuzen ere. Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak bultzatutako proiektua da hori, eta Azkoitiko nahiz Azpeitiko udalak elkarteko kide dira.

Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak Fiturrek eskaintzen duen erakusleiho handia aprobetxatu nahi du Ignaziotar Bidea nazioarteko turismo eragileei ezagutarazteko eta harreman instituzional estrategikoak lantzeko. Horretarako, Turespañako erakusmahaian izango du presentzia elkarteak.

Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkartea iazko urtarrilean sortu zuten, Montserrateko monasterioan (Katalunia) ekitaldia eginda. Ignaziotar Bidea igarotzen den lurraldeetako erakargarritasun turistikoei balioa ematen dien proiektu berri baten hasiera izan zen ekitaldia. 650 kilometroko ibilbidea da Ignaziotar Bidea, Loiola eta Manresa (Katalunia) lotzen dituena eta 1522an Loiolako Ignaziok egin zuen bideari jarraitzen diona. Proiektuaren asmoa da barneko, kalitatezko eta urtaroek baldintzatu gabeko turismoa sustatzea, lurralde desberdinen batasuna eta konplizitatea oinarri hartuta. 

Udaletako ordezkariak Fiturren

Elkartea osatzen duten 73 udalerrien artean, dagoeneko 40 herrik eta hirik baino gehiagok baieztatu dute Fitur azokan izango direla; besteak beste, bertan izango dira Azkoitiko, Azpeitiko, Legazpiko (Gipuzkoa), Zumarragako (Gipuzkoa), Urretxuko (Gipuzkoa), Guardiako (Araba) edota Kanpezuko (Araba) ordezkariak. Fiturren egingo den batzarrean, Ignaziotar Bidea sustatzeko jarduerak aurreikusten dituen 2029ra arteko ekintza plana azalduko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide