Datorren astean hasiko da Herriarteko Bertso Txapelketaren lehen fasea Urola Erdian

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 16a

Mikrofono bat.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren lehen fasea eskualdeka egingo dute. Urola Erdian datorren ostiralean hasiko dira saioekin; Zestoan izango da, Harresi tabernan, 22:00etan. Orotara, zazpi talde ariko dira finalerako txartela eskuratzeko lehian. Behin lehen fasea bukatuta, Gipuzkoa mailara igaroko da txapelketa. Bertsozale Elkarteak larunbatean aurkeztuko du Herriartekoa.

Bertsozaleek hitzordu berezia izango dute datozen hilabeteetan Gipuzkoan: bederatzi urteren ostean, Herriarteko Txapelketa egingo dute. Hain zuzen ere, lurraldeko eskualdez eskualde jokatuko dute lehiaren lehen fasea, eta Urola Erdian nahiz Urola Kostan ere izango dira bertso saioak. Izan ere, eskualdeko hamabost taldek parte hartuko dute aurreneko fasean.

Eskualdeka antolatu dituzte lehen faseak, eta Urola Erdian nahiz Urola Kostan aparte egingo dute sailkapen saioak. Hain zuzen ere, Urola Erdiko kanporaketa fasea Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatu du, eta Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo zein Zestoako zazpi talde ariko dira lehian; Urola Kostan, berriz, zortzi talde. Urola Erdiko sailkapen fasea datorren ostiralean –urtarrilak 23– hasiko da, eta Urola Kostakoa, aldiz, otsailaren 6an.

Aste Santu aurretik egingo dituzte eskualdekako lehen faseak, eta gero ekingo diote bigarren faseari, hau da, Gipuzkoa mailakoari. Dena den, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak larunbatean emango ditu Herriarteko Txapelketaren gaineko xehetasunak, Villabonan egingo duen aurkezpenean.

Hilaren 23an, Zestoan

Urola Erdia izango da Herriarteko Txapelketa azkarren hasiko duten eskualdea. Datorren ostiralean, hilaren 23an, izango da lehen saioa, eta martxoaren 13an finala. Zazpi taldek eman dute bertso demarako izena; Azkoitiko bik, Azpeitiko hiruk, Azpeiti-Errezilgo batek eta Zestoako batek.

Zazpi talde horiek Zestoako Harresi (urtarrilaren 23an), Azkoitiko Zurt (urtarrilaren 30ean) eta Azpeitiko Korrale (otsailaren 6an) tabernetan egingo dute debuta; saio horiek denak 22:00etan izango dira. Saio horien irabazleak otsailaren 20an Errezilgo Borondegin eta hil horren 27an Aizpurutxoko Itziar jatetxean egingo dituzten bertso afarietan (20:30ean izango dira) ariko dira finalerako txartelaren bila. Hain zuzen, martxoaren 13an izango da finala, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan, 22:00etan.

Hona hemen Urola Erdiko sailkapen fasean ariko diren taldeak eta horietako partaideak:

  • Astuk alineaute (Azkoitia): Asier Garate Txibilter, Iñaki Tolosa eta Eneritz Artetxe bertsolariak; Irati Artetxe gai jartzailea; eta Ugaitz Beristain eta Jokin Sudupe epaileak.
  • Jokin biyokin (Azkoitia): Unai Izagirre, Jon Izagirre, Jokin Landa eta Xabier Aldalur bertsolariak; Jon Ander Iriondo gai jartzailea; eta Odei Labiano epailea.
  • Zaharrak berri (Azpeitia): Leire Ostolaza, Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria bertsolariak; Oihana Elduaien gai jartzailea; eta Ohiana Aranguren epailea.
  • Igerilari Artifizialak (Azpeitia): Jon Odriozola, Joanes Azpillaga eta Oier Etxeberria bertsolariak; Jon Iriarte gai jartzailea; eta Xabier Azpillaga epailea.
  • Eguterakuk (Azkoitia-Errezil): Naia Arrizabalaga, Julene Iturbe eta Haritz Garmendia bertsolariak; Leire Lizarralde gai jartzailea; eta Manuel Agirretxe epailea.
  • Txemaizterrak (Azpeitia): Jon Gurrutxaga, Suhar Gesalaga eta Oihana Labiano bertsolariak; Ane Iriondo gai jartzailea; eta Miren Ezama epailea.
  • Erralla (Zestoa): Gorka Olaizola, Oskar Alberdi eta Aitor Salegi bertsolariak; Aitor Zabala gai jartzailea; eta Joritz Zinkunegi epailea.

Honako hau da, ostera, Urola Erdiko fasearen egutegia:

Urtarrilak 23, ostirala. 22:00etan hasita, Erraila eta Igerilari Artifizialak taldeak, Zestoako Harresi tabernan.

Urtarrilak 30, ostirala. 22:00etan hasita, Jokin Biyokin eta Astuk Alineaute taldeak, Azkoitiko Zurt tabernan.

Otsailak 6, ostirala. 22:00etan, Eguterakuk, Txemaizterrak eta Zaharrak Berri taldeak, Azpeitiko Korrale tabernan.

Otsailak 20, ostirala. 20:30ean, Zestoako eta Azpeitiko saioetako talde irabazleek jokatuko dute lehen finalaurrekoa, Errezilgo Borondegi jatetxean.

Otsailak 27, ostirala. 20:30ean, Azkoitiko saioaren talde irabazleak eta Azpeitiko saioko bigarren sailkatuak jokatuko dute bigarren finalaurrekoa, Aizpurutxoko Itziar tabernan.

Martxoak 13, ostirala. 22:00etan, Errezilgo eta Aizpurutxoko saioetako irabazleek jokatuko dute finala Azpeitiko Charles Chaplin tabernan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide