Eskualdeko hainbat musikarik MIN izeneko taldea sortu dute, eta estreinako diskoa otsaila amaierarako edo martxoaren hasierarako prest izango dutela iragarri dute. Bien bitartean, Haizea dabil aurrerapen abestia argitaratu berri dute, eta taldearen bandcamp orrian zein plataforma digitaletan jarri dute entzungai.
MIN taldea ondorengo bost kide hauek osatzen dute: Maite Martiarena abeslaria eta teklatu jotzailea (Perlak), Suharri Aranburu abeslaria (Trini Fox), Ibon Telleria baxu jotzailea (Ankhar), Jon Sarasketa bateria jotzailea (The Grace of Dionysus) eta Ion Brakamonte gitarrista (Voltaia). Abenduaren 20ean eskaini zuen bere lehen kontzertua Zestoako gaztetxean, -Gailu taldearekin oholtza partekatuz.