Zabaldu dute Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidea, eta txandaka ari dira zirkulazioa bideratzen. Errepidea erabat itxita egon da arratsalde guztian, eguerdian lur jausi bat izan delako. Bidea garbitzen aritu dira harrezkero, lehenbailehen irekitzeko helburuarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 21:00etan jakinarazi du zabaldu dutela errepidea, GI-631 errepideko gorabeherak herritarrei helarazteko martxan duen Whatsapp kanalaren bidez.
Eguerdian, 13:15 inguruan, lur jausia izan da Azkoitia eta Zumarraga lotzen dituen GI-631 errepidean. Lanak tarteko, leherketak egiten ari ziren gaur ere errepide zati horretan, eta hain zuzen, leherketek eragin dute luizia.
Harriak, lurra eta babes hesiaren zatiak erori dira errepidera, eta ibaiaren ondoko petrila hautsi dute horiek. Ondorioz, errepidea itxita egon da hainbat orduz, eta eremua libratzeko lanetan aritu dira arratsaldean. Eguna amaitu aurretik zabaldu dute berriz errepidea.
Gipuzkoako Foru Aldundia obretan ari da errepide horretan, eta hainbat leherketa egiten dituzte lanak gauzatu ahal izateko. Gaur 13:00etan hasi dituzte leherketak, eta horiek eragin dute lur jausia. Ez da inor zauritu, halakoak egin behar izaten dituztenean errepidea guztiz ixten dutelako.
Ez da, baina, obra horietan halakorik gertatzen den lehen aldia: abuztuaren 27an ere luizia izan zen GI-631 errepidean, Azkoitia eta Zumarraga artean.
Aizpurutxoko geralekuak, bertan behera
Ezinbestean, Zumaia eta Zumarraga lotzen dituen UK06 lineako autobus zerbitzuetan eragin zuzena izan du errepide mozketak.
Lurraldebusek 13:45 aldera sare sozialetan zabaldutako mezuan jakinarazi duenez, linea horretako autobusak "bide alternatibo" batetik zirkulatu dute eta Aizpurutxuko geltokiak ezeztatuta egon dira errepidea berriro ireki duten arte. "Bide alternatibo" hori zein den ez du zehaztu Lurraldebusek; abuztuaren 27koan, Elgoibartik eta Bergaratik bueltan, AP-8 eta AP-1 autobideetan barrena eman zuen Azkoitia eta Urretxu arteko zerbitzua Lurraldebusek.