Bilbon egingo den mobilizazioari begira, bigarren komitea deitu du Azkoitiko GKSk ostiralerako

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 14a

GKSren komite bateko irudia. (Azkoitiko GKS)

Etzi, ostirala, egingo du Azkoitiko GKSk komitea, Elkargunean.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren kontrako mobilizazio bana egingo dituzte urtarrilaren 31n Bilbon (Bizkaia) nahiz Iruñean (Nafarroa). Testuinguru horretan, Bilboko manifestazioari begira lan egiteko bilkura deitu du antolakunde horrek Azkoitian. Etzi, ostirala, Elkargunean bilduko da komitea bigarrenez (18:30).

Antolakunde komunistak manifestazioak iragartzeko agerraldian azaldu zuenez, "euskal nortasunaren izenean" faxismoa goratu da Euskal Herrian. "Sare sozialetan eta kaleetako hormetan agertzen hasia da, mezu arrazista, supremazista eta matxistekin", adierazi zuten.

Hori dela eta, GKSk nabarmendu zuen "lehentasuna dela, kosta ahala kosta, ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre egitea". Helburu horrekin mobilizatuko dira urtarrilaren 31n Bilbon nahiz Iruñean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide