'El médico II' eta 'Bob Esponja: una aventura pirata' filmak emango dituzte asteburuan Baztartxon

Mailo Oiarzabal 2026ko urtarrilaren 14a

'El médico II' filmaren irudi bat.

Igandean eta astelehenean izango dira datozen emanaldiak herriko antzokian. Haurrei zuzendutakoa igande arratsaldean bakarrik emango dute (17:00), eta helduei zuzendutakoa bi egunetan: igandean 19:30ean, eta astelehenean 20:00etan

Bil filmekin osatu dute asteburuko zinema karteldegia Baztartxo antzokian: El médico II eta Bob Esponja: una aventura pirata. Zapatuan Trajea antzezlana ikusteko aukera izango da Baztartxo antzokian, eta, horrenbestez, bi egunetara mugatuko da oraingoan zine eskaintza, igandera eta astelehenera.

Igande arratsaldeko haurrei zuzendutako saioan (17:00) emango dute Bob Esponja: una aventura pirata animaziozko filma (AEB, 2025). Honela dio filmaren sinopsiak: "Karramarro Jaunaren aurrean ausardia erakusteko, Holandar Herraria pirata mamu mitiko misteriotsuari jarraitzea erabakitzen du Bob Belakik. Horrela hasiko du ozeanoaren sakonera urrunenetara, belakirik inoiz iritsi ez den tokira, eramango duen abentura".

Igandean (19:30) eta astelehenean (20:00), berriz, Philipp Stolzl zuzendariaren El médico II (Alemania, 2025) ikusteko aukera izango da Baztartxon. Honela dio sinopsiak: "Ispahan, Iran, 1034. urtea. Madrassatik ihes egitera behartuta, medikuntza ikasleekin batera Mendebaldera abiatzen dira Rob Cole medikua eta bere familia. Londresera iristean, ohartu dira musulmanek eta juduek debekatuta dutela hirian sartzea, eta ezin dutela mediku gisa jardun hirian. Kikildu gabe, Colek eta ikasleek ospitale inprobisatu bat irekiko dute Londresko sarreran. Erregeak alaba gaixoa zaintzeko deitu eta.petrikilo gisa dituen trebetasun bereziak ikusten dituenean, gortean lanpostua ziurtatuko diote Coleri. Errege-etxeko botere-borroketan eta azpikeria politikoetan murgildu ahala, medikuak bere senari jarraitu beharko dio, kolapsatzeko zorian dagoen Ingalaterran bizirauteko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide