Garaipen bana, urteko lehen lehietan

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 12a

Galder Guembe Anaitasunako jokalaria. (Anaitasuna)

Atzo garaipena eskuratuta, Anaitasuna Real Union liderrarekiko gertuago dago orain; bost punturen aldea dago egun bi taldeen artean. Emakumeen taldeak ere garaipen handia eskuratu zuen zapatuan, Zumaian; sailkapeneko hirugarren sailkatua hartu zuen mendean Orueren taldeak.

Anaitasuna futbol taldeak ezin hobeto ekin dio 2026. urteari. Bai gizonek, bai emakumeek, irabazi egin dute asteburuan. Gizonek 3-0 hartu zuten mendean Euskalduna Andoaindarra taldea atzo, igandea, Txerloian. Emakumeek, berriz, 2-3 irabazi zuten zapatuan Zumaiakoren aurka, Zumaiako Aita Mari zelaian. 

Etxean sendo dabil Anaitasunaren gizonen taldea, eta atzo ere ez zuen hutsik egin Loren Barbadoren taldeak. Partida serioa bezain ona jokatu zuten gorritxoek. Ander Pastrianek egin zuen bat eta hutsekoaren gola, 24. minutuan. Atezainaren aurrean jaurtiketa zail jarri zitzaion egoera batean lortu zuen taldeko aurrelariak Anaitasuna aurretik jartzea; jaurtiketa ona egin zuen Pastrianek, eta zutoinak lagunduta barrura bidali zuen baloia. 

Bosteko atzeko lerroa aurkeztu zuen Andoaingo (Gipuzkoa) taldeak Txerloian; lerroak ixtea eta Anaitasunari etxeko partida trabatzea izan zuten xede haiek, baina atzeko lerro horren bizkarrean hutsune handiak utzi zituzten kanpokoek, eta gorritxoek espazio horietan asmatu zuten aurkariari min egiten. Aimar Guembek, hain justu, zulo horietan jokatu zituen baloi dezente, eta Hicham Hazim aurrelariak ez zuen barkatu horien osteko jokaldietan. Hazimek 28. minutuan lortu zuen Anaitasunaren bigarren gola, eta atsedenaldiaren aurretik borobildu zuen lehen zatiko festa, hirugarren gola eginda. 

Bigarren zatian, erritmo lasaiagoarekin aritu zen Anaitasuna. Lana ondo egin zuten gorritxoek berdegunean, baina ez zuten lehen zatiko goserik erakutsi erasoan; Barbadorenek ez zuten aparteko aukerarik sortu Andoaingoen area inguruan. Ordea, bisitariek izan zuten aldea murrizteko gol aukera garbi bat, baina huts egin zuten Josue Goenaga atezainaren aurrean. 

Garaipen biribila lortu zuten gorritxoek; izan ere, sailkapeneko lehena den Real Unionek 1-1 egin zuen Urola taldearen aurka, eta atzora arte sailkapeneko hirugarrena zen Borja Rocha entrenatzailearen Elgoibarrek 1-2 galdu zuen etxean. Emaitza horiei esker, Anaitasunak bost puntura du orain Real Union liderra –37 puntu ditu Real Union eta 32 puntu Anaitasunak– eta lau puntura urrundu ditu atzekoak. Ligaren lehen itzulia amaitzeko lehia bat falta da, eta hura Arrasateko (Gipuzkoa) Mondragon taldearen aurka jokatuko dute gorritxoek zapatuan (16:30), Mojategi zelaian.

Garaipena Zumaian

Emakumeen taldeak ere irabazi egin zuen urteko lehen hitzorduan. Zumaiako sailkapeneko hirugarrenaren zelaian aritu zen Iñigo Oruesagasti Orue-k zuzendutako taldea, eta zinez garaipen garrantzitsua lortu zuten gorritxoek. Partidari sendo ekin zion taldeak, eta hirugarren minutuan, area barruko jokaldi batean, epaileak Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen, etxeko jokalari batek baloia area barruan eskuarekin ukitu zuela argudiatuz. Aretha Azkuek hartu zuen penaltia botatzeko ardura, eta hark ez zuen hutsik egin, taldea markagailuan aurretik jarriz.

Markagailua alde zuen taldeak, eta gainera, zelaian ondo zegoen. Gainera, kontraerasoan min egiten asmatu zuten gorritxoek, eta borroka egin behar zenean, borrokatzen. Hala eta guztiz ere, Zumaiakok ordu erdia betetzean egin zuen berdinketaren gola. Pase eder baten ondoren, etxeko jokalari bat Intza Paredes atezainaren aurrean azaldu zen bakar-bakarrik, eta hark ez zuen barkatu. 

Banakoarekin Anaitasuna ez zen erori, ordea, eta segituan lortu zuen berriz ere aurretik jartzea. Zelai erdian baloia lapurtu zuten gorritxoek, Maria Juaristik pase bikaina egin zion Azkueri, eta hark atezainaren aurrean arratsaldeko bigarren gola egin zuen. Taldea bere lanean fin ari zen, baina epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi zuen atsedenaldira jo aurretik; 45. minutuan, hamaika metrotatik egindako jaurtiketan berdindu zuten dema Zumaiakoek.

Bigarren zatian, partida gogor borrokatu zuten bai Zumaiakok, bai Anaitasunak, baina bietako inork ez zuen bestea menderatu. Lehiak binakoaren amaitu behar zuela zirudienean, 94. minutuan, Jone Sudupek baloia zuzenean jaurti zuen Zumaiakoren atera, eta atezaina menderatuta, gola egin zuen. Taldeak eztanda egin zuen orduan, garaipen benetan baliotsua lortzeko bidea eman baitzien gol hark gorritxoei. Golaren ostean ez zen beste ezertarako bertarik izan; lan eta esfortzu handia eginda lortu zituen Anaitasunak hiru puntuak. 

Beheko postuei ihes eginez, sailkapeneko zortzigarren postuan kokatu da orain Anaitasuna, 22 punturekin. Datorren asteburuan, sailkapeneko goiko postuetan den beste talde batekin neurtuko ditu indarrak Orueren taldeak. Zapatuan, 17:30ean hasita, Hernaniko (Gipuzkoa) Zubipe zelaian arituko da Anaitasuna. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide