Gazako egoerak "larria" izaten jarraitzen duela adierazi dute Palestinaren aldeko elkarretaratzean

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 9a

Hainbat lagun, atzo, herriko plazan. (Utzitakoa)

Urte berriko lehen elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka lagunek, herriko plazan. Mobilizazioaren deitzaileek jakinarazi zuten Israelek hainbat gobernuz kanpoko erakunde (GKE) legez kanpokotzat jo dituela. Hori hala, 2026an ere mobilizazioei eusteko asmoa du Palestinaren alde lan egiten ari den herritar taldeak.

Herritar talde baten ekimenez, Gazaren aurkako genozidioa salatzeko eta Israeli boikota egitea eskatzeko elkarretaratzeak egiten dituzte ostegunetan herriko plazan, eta atzo, osteguna, egin zuten 2026ko lehena. Palestina askatu, Israeli boikot lelopean, dozenaka lagun bildu zen plazan Palestinako banderak eskuetan hartuta. 

Mobilizazioaren deitzaileek jakinarazi zuten Palestinako egoerak, eta, batez ere, Gazakoak, "larria" izaten jarraitzen duela. "Israel eta bere aliatuak harro dabiltza munduan zehar; lotsa galdu dute, eta beren inperioa handitzeko gerra gosez dabiltza", esan zuten. Dena den, fokua gobernuz kanpoko erakundeengan (GKE) jarri zuten atzo; izan ere, haiek jakinarazi zuten aste honetan hainbat GKE legez kanpokotzat jo dituela Israelek. "Zentzu horretan, Europako eta AEBetako gobernuek diru laguntzak ukatu dizkiete GKE horiei. Egoera zaila da, baina jarraitu beharra dugu", adierazi zuten.

2026. urte honetan ere mobilizazioei eusteko asmoa du Palestinaren alde diharduen herritar taldeak. Orain arte bezala, hileko lehen eta hirugarren ostegunetan informazio mahaia jarriko dute herriko plazan, eta modu horretara, Gazara eta Zisjordaniara diru laguntzak bidaltzeko aukera izango dute herritarrek. Hileko bigarren eta laugarren ostegunetan, berriz, elkarretaratzeak egingo dituzte plazan, 19:00etan hasita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide