Etzi, astelehena egingo dituzte 2026. urteko lehen odol ateraldiak. Ohi bezala, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan hartuko dituzte Osakidetzako erizainek odola ateratzera doazen herritarrak. Etzi, arratsaldez egingo dituzte ateraldiak, 16:30etik 20:30era bitartean, hain zuzen.
Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak hasita daude herritarrei astelehenerako hitzorduak ematen. Dena den, haiek gogorarazi dute aukera paregabea dela urte berriari ekitearekin bat, odola dohaintzan ematen hastea. Emaile izan nahi dutenek edo odol ateraldien funtzionamendua zein den hobeto ezagutu nahi dutenek 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Osakidetzak, gainera, odola emateko deia egin die herritarrei, Gabonetan erreserbak nabarmen jaitsi baitira. Gaur-gaurkoz, B+ eta AB+ odol erreserbak daude egoera onean, baina gainerako guztiak oso maila baxuetan daude. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak adierazi duenez, Gabonetan ohikoa izaten da odolaren erreserba mailek behera egitea, baina aurten gripea aurreratu izanak eragin negatiboa izan du abenduko dohaintzetan. Osakidetzak esan duenez, gripearen eraginez pertsona asko gaixotu da; horiek ezin izan dute odola eman abenduan, eta ezingo dute eman urtarrilaren hasieran.
Azkenekoan, 126 poltsa
Abenduaren 15ean egin zituzten 2025eko azken odol ateraldiak, eta orduan, 126 odol poltsa bildu zituzten elkartekoek. Datorren asteleheneko hitzorduaren ondoren, hurrengo odol ateraldiak otsailaren 2an egingo dituzte. Egun horretan arratsaldez egingo dituzte ateraldiak, 16:30etik 20:30era, alegia.