2024tik martxan da Txinparta Euskal Herriko filosofia zaleen sarea, eta egitasmoa herriz herri hedatzeko asmotan dabiltza, gaur egungo "gizarte arinean" pentsamendu kritikoa sustatzeko guneak "behar-beharrezkoak" direlakoan, "ikuspuntu desberdinak aztertu" eta "iritzi propio argudiatua" osatzeko. Oraingoz, Donostian eta Bergaran osatu dituzte taldeak, eta datorren astean Azkoitian sortzeko saiakera egingo dute.
Horretarako, hainbat herritarrek bilera deitu dute datorren asteazkenerako. 18:30ean Elkarguneko Oteiza aretoan elkartuko dira, eta Txinpartak antolatutako Elkar & hizketa filosofikoak izeneko topaketen berri emango dute han. Horrez gain, Bergarako taldeko bi kidek beren antolaketaren berri ere emango dute saioan. Behin horiek entzunda, berriz, Azkoitiko taldearen sorrera eta funtzionamendua zehaztuko dituzte. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte bilerara.