Biele ISBk azken hatsean galdu ditu partida eta lidergoa Valladoliden

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 5a

ISBko Cebolla, etxeko jokalari baten atzetik. (UEMC Baloncesto Valladolid)

Lehia amaitzeko bost minuturen faltan ISBk hamar puntuko errenta izan bazuen ere, ezin izan zituen kantxan jokalariek eta harmailetan zaleek izan zuten oldarraldia eten. 87-84 galdu zuten Iñigo Nuñezenek. Emakumeen Domusa Teknik ISBk, bestalde, garaipena lortu zuen zapatuan, Valentzian. Astindua eman zion Luis Agirreren taldeak La Cordá Paterna NB taldeari.

Biele ISBk galdu egin zuen atzo, zapatua, Valladoliden. UEMC Baloncesto Valladolid taldearen aurka jokatu zuten otsoek Pisuerga pabiloi ezagunean, eta Iñigo Nuñezenek azken hatsean eman zuten amore (87-84). Partida galtzeak, berekin ekarri zuen atzo Bigarren FEB Mailako mendebaldeko multzoko lidergoa galtzea ere. Azkoititik eta Azpeititik zale ugari joan zen taldea babestera, baina ezin izan zuten denen artean puntua batu. Lehiari gogor ekin zioten etxekoek.

Valladolideko taldea kementsuago eta egokiago atera zen kantxara, eta 8-0eko emaitzarekin zabaldu zuten lehen errenta markagailuan. ISBri erreakzionatzea beste aukerarik ez zitzaion geratu, eta bikain erantzun zuen taldeak. Etengabeko kolpe trukaketen ondoren, lehia orekatu zuten Nuñezenek, eta lehen laurdena amaitzerako bost puntura arrimatu ziren (22-17).

Jabetza erlojuak arazo teknikoak izan zituen bigarren laurdenean, eta hark eragindako geldialdiaren erruz, partida geldirik egon zen zenbait minutuz. Ordea, ez Valladolideko taldea, ez Azkoiti-Azpeitikoa ez ziren hoztu. Otsoek sendo jardun zuten atsedenaldiaren aurretik, eta minutuak aurrera joan ahala, hazi egin zen kantxan. Gainera, atsedenaldirako bidea aurretik hartu zuten otsoek; bi hiruko jarraian sartuta, 41-42 emaitzarekin amaitu zuten lehen zatia.

Atsedenaldiaren ostean, baina, etxeko taldeak aurrerapausoa eman zuen. Urratsa egin bai, baina ez zen ikaragarria izan ISBren mesederako. Izan ere, bi taldeetako inork ez zuen lortu norgehiagokako oreka haustea. Etengabeko alternatibekin eta intentsitate maila altuarekin, azken laurdenerako dena irekita utzi zuten Valladolidek eta Biele ISBk (62-64). Azken laurdenean jo eta su aritu ziren bi arerioak; lidergoa jokoan egonda, ez zitzaien beste aukerarik geratu.

Jarraian sartutako lau hirukori esker, ISBk hamar puntuko abantaila izan zuen bost minuturen faltan (68-78). Hala ere, Valladolidekoek ez zuten amore eman: erreboteko lana doitu zuten, defentsako intentsitatea igo, eta errenta murrizten hasi zen, Pisuergan bildutako zaleek bultzatuta. Etxekoak lehia berdintzera iritsi ziren hala, bi aldeetan tentsioa mailarik gorenera eramanez. Azken jokaldietan, bereziki, jaurtiketa libreen lerroan, finago aritu zen etxeko taldea, eta hiru puntuko aldea lortu zuten azken segundoei aurre egiteko. Valladolidekoek lan aparta egin zuten azken jabetzan, ISBri hiruko saskiratze baten bidez partida berdintzea ukatuz. Azkenean, 87-84 amaitu zen lehia Pisuergan. 

Nazir Williams joko antolatzailea izan zen ISBko onena atzo, 12 puntu saskiratuta eta 14 puntuko balorazioa pilatuta. Txapelketako lehen itzulia jokatuta, UEMC Baloncesto Valladolid taldea da orain multzoko liderra, ISBrekin eta Coto Cordoba CB taldearekin garaipenetan berdinduta (10-3). Biele ISBk datorren igandean, urtarrilak 11, abiatuko du bigarren itzulia; Logrobasket Logi7 taldearen aurka jokatuko du hamalaugarren jardunaldiko partida, Logroñoko Lobete kiroldegian (17:30). Errioxako talde hori sailkapeneko azken postuetan dago gaur-gaurkoz.

Urteko aurrenekoan, garaipena

Emakumeen Domusa Teknik ISBk, bestalde, garaipenarekin ireki du urte berria. Herenegun, zapatua, La Cordá Paterna NB taldearekin neurtu zituzten indarrak Luis Agirrerenek, eta 71-90 irabazi zuten. Oker hasi zitzaien haiei dema, lehen laurdenean hamar puntura ihes egin zuten-eta etxekoek (23-13). Ordea, lehen laurdenean ez bezalako freskotasuna erakutsi zuten otsoek ondorengo hiruretan, eta aurkaria zapaldu egin zuten. Atsedenaldian bi puntura hurbiltzea lortu zuten Azkoiti-Azpeitikoek (43-41), eta hirugarren laurdenean egoera irauli zuten (58-68). Laugarren laurdenean ez zuten erritmoa jaitsi Agirrerenek, eta aldea hemeretzi punturaino eraman zuten, azkenean 71-90 irabaziz.

Geraldynn Leaupepek egundoko lana egin zuen Valentzian (Herrialde Katalanak). 25 puntu saskiratu zituen hark eta 34 puntuko balorazioa eskuratu zuen. Datorren zapatuan, hilak 10, Azkoitiko Elkargunean MCR Lima-Horta Barcelona taldearekin neurtuko dituzte indarrak otsoek; 18:00etan hasita jokatuko dute haiek aurkari zuzen horren aurkako dema. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide