Martin Arozena: "Taxiak jendearen konfesatokiak dira"

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 24a

Martin Arozena taxilariaren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

21 urte bete ditu aurtengo udan Martin Arozenak Azkoitiko taxilari lanetan. Ospitaleetara edota aireportuetara joan-etorrian ibili ohi da hura, baita parrandazaleak etxeratzen ere. Bizipen eta bidaia adina bidaiari berezi egokitu zaizkio Arozenari bere lanean. Abenduko Azkoitia Guka aldizkariko Erretratua da honako hau.

Taxilaria da Martin Arozena (Nuarbe, Azpeitia, 1966). Azkoitiko taxilaria da, eta aurtengo udan bete ditu 21 urte lanpostu horretan. Gautxoria bezain goiztiarra da Arozena, hari lana goizez bezala gauez egitea egokitzen baitzaio, betiere jendearen eskaeren arabera. Adinekoak Osakidetzaren ospitaleetara dialisia egitera eramanez ekin zion nuarbetarrak taxi barruko bidaiari. "Taxi plaza erosi nionak akordio bat zuen eginda Osakidetzarekin, eta Santa Klara izeneko elkartearentzako lanak egiten hasi nintzen ni ere", azaldu du hark. 

Arozenak adinekoen egoitzetan bizi ziren pertsonak jasotzen zituen, bailarakoak nahiz bailaratik kanpokoak, hala nola Ermukoak (Bizkaia), Eibarkoak (Gipuzkoa), Zarauzkoak, Azpeitikoak, Zumaiakoak eta Donostia aldeko bat edo beste. "Goizez egiten nituen bidaiak, eta arratsaldean, ohiko guardian egon behar izaten nuen herrian, inori Bilboko Gurutzetako ospitalera transplantea egitera joatea egokitzen bazitzaion ere". Hori kontatu eta berehala oroitu du Azkoitiko taxilariak Gabon batzuetako otordua galarazi zion pasadizoa. "Gabon zahar gau batean, etxeko egongelan sartzera nindoala, dei bat jaso nuen: Zestoako emakume bati transplantea egitea egokitu zitzaion, eta hura ospitalera eraman behar izan nuen".

Zazpi urte igaro zituen Arozenak adinekoekin ospitaleetara joan-etorriak egiten; izan ere, akordio hura eten egin zuten gerora. Harrezkero, Azkoitiko taxi geltokiko ohiko figura da nuarbetarra; lehen ibilgailu eta taxilari gehiago elkartzen ziren geltokietan; orain, ordea, bera da bakarra. "Taxien geltokian egoten nintzen zain, beste bi, hiru edo lau taxilarirekin batera. Orain, neu bakarrik egoten naiz. Pixkanaka-pixkanaka lana uzten joan da jendea". Herri barruko zerbitzua eskaini izan du hark betidanik, baserriko nahiz kaleko jendea batera eta bestera eramanez. 

Dena den, Arozenak jende eta lantegi asko ezagutu zituen aurreneko urteetan, eta bezero batzuk lortzeko gai izan zenez, bere ogibideari eusteko modua aurkitu zuen. Taxilariak garbi zuen gidaria izan nahi zuela, baita horren zergatia ere: "Lantegietan ikusten nuen krisialdiak edo gorabeherak izaten zirela, baina jabetzen nintzen taxilaria sekula ez zela langabezian erortzen; haiek beti lanean ikusten nituen. Orain ohartzen naiz hori horrela dela; jendea medikuarenera eraman beharra dago orain ere, baita aireportura ere". 

Aldaketetara egokitzen

Ez dute zerikusirik duela 21 urteko edo egungo gidatzeko moduek. Hala dio taxilariak. Arozenaren esanetan, teknologian izan da "aldaketa handia" urte horietan guztietan. Datafono kontuak izan ditu hizpide. "Lan gehiago sortu zitzaidan kreditu txartelarekin ordaindu ahal izateko datafonoa hartu nuenean. Neuk ere harrituta hala galdetzen nion neure buruari: 'Datafono batek lana sortu al dit?'. Ez sinestekoa zen. Enpresetako langileei kreditu txartelak ematen zizkieten bidaietan-eta egin beharreko gastuak ordaintzeko". Egungo berrikuntza, berriz, Bizuma da taxilariarentzat; izan ere, eskudirutan gero eta jende gutxiagok ordaintzen ditu bidaiak, hark esan duenez. 

Ordutegi finkorik gabe egiten du lan Arozenak, eta asteburua "lasaiago" hartzen saiatzen da orain. Astegunetan, esaterako, 08:30-08:40 inguruan joan ohi da Nuarbekoa Xabier Munibe kaleko taxi geltokira; izan ere, Zumarragako ospitalera edo anbulatoriora eraman behar izaten du jendea. Ordea, aireporturako bidaia bat baldin badu, 03:30 inguruan esnatu behar izaten du. Laneguna amaitzerako, berriz, 19:00-19:30 aldea iristen zaio ia beti. Asteburuetan, bereziki zapatuetan, 22:00 inguruan pizten du autoaren motorra, eta 05:00 inguruan itzali. Baina igande goizerako hitzorduren bat baldin badu, zapatu gauetan lanik ez egitea erabakita dauka.

Arozenak lau ibilgailu erabili ditu taxi lanetarako bere ibilbidean: Ford Mondeoa izan zuen aurrenekoa, Honda Accord-a bigarrena, eta azkeneko biak Honda CRV markakoak. Egun darabilena, gainera, hibridoa da, isil-isila, albotik igarotzen denean ia nabaritu ere egiten ez den horietakoa. Harentzat taxilaria izatearen alderik onena da beti lana izatea, horretan ez du zalantzarik egin. Ordea, alde txarrak ere badituela dio Nuarbekoak. "Inork deitzen ez duenean edo mugimendu gutxi izaten denean, kezkatzen hasten naiz. Hutsuneak egoten dira batzuetan, eta halakoetan arduratu egiten naiz. Dena den, hutsune horiek betetzen ditugu gero, eta kito. Azken finean, hilabetea eta urtea dira konpentsatu beharrekoak", adierazi du. 

Konfesatzeko gunea

Taxilari beterano batek behin Arozenari esan omen zion "taxiak egungo konfesatokiak" direla. Eta "ez zuen arrazoi faltarik", esan du taxilariak. "Herritar batek bere arazoen berri eman ohi dio taxilariari; beste inon kontatuko ez dituen gauzak kontatzen dituzte herritarrek taxian. Ondorioz, psikologo papera egin behar izaten dugu batzuetan. Negar egin duten neska-mutil asko igaro dira nire autotik... Aita papera egitea ere egokitu izan zait". Entzun bai, baina zabaldu ez. Arozenak ez ditu bekatuak bere konfesatokitik ateratzen. Hori argi utzi du taxilariak kontatu dituen pasadizo sortetan. Eta bekatua bai, baina bekatariaren izenik ez du aipatu. 

Ezusteko bidaia asko izan ditu Azkoitiko taxilariak; espero gabeko bidaiak kontaezinak dira harentzat. Baten berri ematera ausartu da nuarbetarra: "Anekdota asko ditut. Ezkonberri batzuei Donostiako Maria Cristina hotelean gaua oparitu zieten, eta zapatu gau batean niri egokitu zitzaidan haiek Azkoititik hara eramatea. Bidaia guztia haserre igaro zuten, elkarri mokoka aritu ziren une oro. Isil-isilik joan nintzen bidean, baina neure artean zalantzan jartzen nuen bi haiek egun hartan ezkondu al ziren! Lasai egoteko esaten zidaten, eta aurrera begira jarri eta Donostiara joan nintzen zuzen. Harrezkero, beti sortzen didate kezka ezkontzei lotutako bidaiek". 

Mozkorrak, bidaia jasanezinak eragiten dizkioten pertsonak... Denetariko herritarrak eraman behar izan ditu Arozenak taxian. Badu inolaz ere ahaztu ezin duen bidaia bat gogoan. Bi gizon eraman behar izan zituen hark Azkoititik Irunera, eta bidaiaren erdian, Zarauzko bide-sarian, bietako batek pistola atera zuela jabetu zen. Bi gizon haiek Arozenari "lasai" egoteko esaten bazioten ere, ez zitzaion motza egin Zarauztik Irunera arteko bidaia. 

Konfesatokia bakarrik ez, plazako agertoki ere bihurtzen da batzuetan taxia, eta halako ibilgailuren batean bidaiaren bat egin duenak, bereziki gauez, badaki hori zer den. Sagardotegi garaiak ekarri ditu gogora Arozenak. "Barregarriak izaten dira sagardotegietako bidaiak, beste puntu bat dute. Gizonak serio etortzen dira gehienetan sagardotegitik, batzuetan lo ere egiten dute taxian, baina emakumeak kantuan ez bada, bertsotan hasten dira. Gidari aritu behar duenarentzat egundoko aldea da hori". Une erromantikoak ere bizitakoa da Arozena, hark ispiluaren ertz batetik ikusi izan ditu-eta hainbat bikoteren lehen musuak. Dena den, inork baino presa handiagoa duten bezeroak ere egokitu izan zaizkio Arozenari: "Haurrik ez da inoiz nire autoan jaio, baina egokitu zait jaiotzear zirela amak ospitalera eramatea". Milaka kilometro, milaka bidaia, eta azken finean, milaka bezero.

Motzean

  • Adina: 59 urte.
  • Ikasketak: Lanbide Heziketa.
  • Lanbidea: Azkoitiko taxilaria.
  • Taxilaria ez banintz… Lanbide Heziketako irakaslea.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… kirola egitea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide