Hitz bitan

Maialen Alkorta: "Egun ez da arraroa jendea bastoiekin oinez ikustea"

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 7a

Maialen Alkorta, ibilketa nordikoa praktikatzen. (Ane Olaizola)

Mugi Azkoitia egitasmoaren adarretako bat da herrian ibilketa nordikoa egiteko sortuta dagoen taldea. 2023tik dago martxan, eta parte hartzaileak asteartero elkartzen dira Europako iparraldeko herrietatik etorritako kirol jarduera hori inguruotan praktikatzeko. Hango orientatzailea da Maialen Alkorta (Bergara, Gipuzkoa, 1986). Abenduko Azkoitia Guka aldizkariko Hitz bitan atalerako egindako elkarrizketa da honako hau.

Hitz gutxitan esanda, zer da ibilketa nordikoa?

Finlandiatik datorren jarduera da, eta ibiltze normalarekin alderatuta, bi makilen laguntzaz gauzatzen dela da bere berezitasuna. Desberdintasun horrek onura asko eragiten dizkio kirol hori praktikatzen duen pertsonaren osasunari. 

Zer beste berezitasun du ibilketa mota horrek? Teknika bereziren bat eskatzen al du?

Guk erabiltzen dugun teknikak Alfa247 du izena, eta horren onura nagusia zera da: artikulazioen gaineko pisua lau euskarriren gainean egiten dugu, hanken gainean soilik gauzatu beharrean: bi bastoiren eta bi hanken gainean. Alde horretatik, orpoek, belaunek eta aldakek gutxiago sufritzen dute, eta makilek aukera ematen dute bizkarra zuzenago eramateko. Horrez gain, besoek modu aktiboan parte hartzen dutenez, gorputzenborraren goiko aldea ere aktibatu egiten da, eta beraz, gorputzeko gihar gehiago lantzeko aukera ematen du. Aldi berean, besoak lantzen direnez, egiten den lan kardiobaskularra ere handiagoa da.

Edozein bastoirekin egin al daiteke?               

Kirol jarduera horretara bideratutako bastoi zehatzak badira. Dena den, mendi ibilaldiak egiteko bastoiekin zerbait egin daiteke, nahiz eta ez diren berberak. Ibilketa nordikoa egiteko makilek dragonera edo eskularru bana dute heldulekuan, esaterako.

Dagoeneko ez da hain harrigarria jendea makilekin oinez ikustea, ezta?

Hori da. Gaur egun ez zaigu arrotza egiten jendea ibilketa nordikoa praktikatzen ikustea; Azkoitian ere normala da kirol hori egitea. Ibilketa nordikoaren inguruko ikastaroa eskaini zenetik eta taldea osatzen hasi ginenetik, ez da arraroa egiten jendea bastoiekin oinez ikustea.

Noiztik dago Azkoitiko taldea martxan?

2023tik. Urte hartan, udaleko Berdintasun sailaren bidez, ahalduntze ikastaro bat eskaini genuen. Lau asteko ikastaroa izan zen, eta harrera oso ona izan zuen. Jendea animatu egin zela ikusita, jarduera finkatu egin genuen herrian. Horrenbestez, astearteetan 15:15ean Elkargunean elkartzen gara, eta taldean ibilalditxo bat egiten dugu. Gisa horretan, jarduera fisikoa egitea eta sozializatzea sustatzen ditugu. 

Nondik egiten duzue pasiera?

Ibilbide desberdinak proposatzen ditugu. Eguraldi ona egiten baldin badu, bastoiak hartu eta ordubetez ibiltzen gara oinez aire zabalean. Tarteka, tailer txiki batzuk ere egiten ditugu, eta Elkargunean teknika lantzeko jarduera edo ariketa zehatzak egin ere bai.

Zein da taldearen profila?

10-12 pertsonak osatzen dute taldea gaur-gaurkoz. Gehienak emakumeak dira, baina herritar denentzat daude ateak zabalik. Alderaketa bat egitearren: ostegunetan egiten den Pasira egitasmoaren hitzorduetara joaten dena baino jende gazteagoarengana iritsi da jarduera. Pasiran ibilaldi lasaiagoak egiten dituzte, baina ibilketa nordikoak beste bizitasun bat dauka. Edonor aritu daiteke batean edo bestean, baina intentsitate aldetik desberdinak dira bi jarduerak.

Ikastaroak, ariketa fisikoa egitea ez ezik, beste zer helburu ditu?

Herritarrek bizi estilo aktiboak izatea lortu nahi dugu Mugi Azkoitia zerbitzuaren bidez, eta horretarako, jarduera desberdinak ditugu martxan. Helburuetako bat bada egunerokotasunean jarduera fisikoa txertatzea, baina ohitura hori talde baten barruan, komunitatean, egiten baldin badugu, askoz ere gehiago dira onurak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide