Aizkora eta harri jasotzea uztartzen dituen Kirol Herri txapelketaren finala jokatu zuten atzo, abenduak 31, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan (Gipuzkoa). Urte amaieran Asteasun egin ohi duten herri kirol jaialdiaren barruan jokatu zituzten lehiak, eta aizkorako banakakoan Mikel Larrañaga azpeitiarrak jantzi zuen txapela, lanak Julen Alberdi Txikia IV.a-ren aurretik amaituta.
Azkoitiarraren eta azpeitiarraren artekoa izan zen txapela lortzeko lehia, eta, azkenean, azpeitiarrak jantzi zuen txapela; Hodei Ezpeleta Bihurri sailkatu zen hirugarren eta Xabier Zaldua laugarren. Lau aizkolariek 60 ontzako lau enbor eta 54 ontzako sei enbor ebaki behar izan zituzten. Larrañagak 25.23 denboran amaitu zituen lanak, eta Txikia IV.ak minutu bat eta hamabi segundo gehiago behar izan zituen (26.35); Bihurrik bi minutu eta hogeita hamar segundora bukatu zuen lana (27.53) eta Zalduak bost minututik gora (30.36). Hona hemen denborak:
- Mikel Larrañaga (25.23).
- Julen Alberdi Txikia IV.a (26.35).
- Hodei Ezpeleta Bihurri (27.53).
- Xabier Zaldua (30.36).
(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)