Euskal presoen egoera "gehiago ezin" dela luzatu aldarrikatu dute Urtezahar eguneko manifestazioan

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 31

Euskal presoak, iheslariak eta deportatuak gogoan, Urtezahar egunean ohikoa den manifestazioa egin dute gaur Azkoitian. Elkarbizitzari, elkarrizketari eta eztabaida osasuntsuari ateak irekitzeko garaia dela nabarmendu du Azkoitiko Sarek. Urtarrilaren 10ean Bilbon izango den mobilizaziora joateko deia egin dute. 

Azkoitiko Sarek deituta, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko manifestazioa egin dute gaur, Urtezahar eguna, herriko kaleetan. Herriko plazan hasi eta amaitu da Ezin da gehiago luzatu. Etxera lelopean egin duten mobilizazioa, gaurko egunez ohikoa den moduan. San Martin eta Ibaiondo kaleak, Julio Urkixo etorbidearen zati bat eta Plazaberri zeharkatu dituzte manifestazioan parte hartu duten dozenaka eta dozenaka herritarrek. 

Plazara iristean egin dute Azkoitiko Sarekoek gaurko manifestazioaren irakurketa; belaunaldi ezberdinetako bi lagunek egin dituzte adierazpenak, hain justu. Haiek azaldu dute abendua "alaitasunarekin, opor eta festarekin" lotzen dela, baina batez ere, "bukaerarekin". "Urtea bukatzen da, enpresek kontuak ixten dituzte, saltokiek balantze ekonomikoak, langileek armairuak edo takillak, politikariek legebiltzarrak, komunikabideek urtekariak, ikastetxeetan ikasturteko lehen hiruhilekoa... Bukatu, itxi, aro berri bati ekiteko". Urtarrilak, berriz, "irekiera eta hasiera" adierazten dituela nabarmendu dute Sarekoek. "Urte ekonomikoa, gimnasioak, dietak, harremanak, lanak, kirolak, aurrezkiak, familia, lagunarte eta auzo proiektuak, hasten edo prestatzen ditugu".

Gaurko protestarekin bat egin dutenek, dena den, badute "itxi ezin" duten, "bukaera eman ezin" dioten zerbait. "Hemen bildu garenok hasi nahiko genuke zerbait. Zerbait ireki nahi eta ezin dugu. Berria hasteko, irekitzeko, zaharra bukatu, itxi egin behar delako. Gutako batzuk ezagutu ditugu torturak. Eta ezagutu ditugu maila eta soldata igoerekin saritu dituzten torturatzaileak. Ezagutu ditugu espetxeak: barrutik eta kanpotik. Ezagutu ditugu kolpeak, mehatxuak, zigor ekonomikoak... Eraman zizkiguten batzuk eta gorpu itzuli. Bisitan atera beste batzuk, eta ez ziren itzuli. Gutako batzuk ez dugu erailketarik bizi, baina ongi aski dakigu egon direla. Kontatu digute ingurukoek. Entzun dugu komunikabideetan. Irakurri dugu sarean. Sentitu ditugu kaleak, borborka batzuetan. Gutako batzuk ez gara espetxean inoiz egon. Ez dugu senide edo lagun presorik. Baina badakigu badaudela. Badaude pultserak, lan baimenak, hirugarren graduak, baldintzapeko askatasunak. Eta badaude noiz aterako diren ez dakigun presoak".

Urtarrilaren 10ean, Bilbon

"Sufrimendu horrekin bukatu" nahi dutela adierazi dute plazan bildutakoek. "Bada garaia. Garaia da. Presoak etxean, presoak kalean nahi ditugu. Nahikoa ordaindu dute. Nahikoa eta gehiegi". Horrekin batera, esan dute badela gaur elkartu diren gazte, zahar eta helduak lotzen dituen zerbait: "Arbitrariotasunarekin eta injustiziarekin bukatu nahi dugu, elkarbizitzari, elkarrizketari eta eztabaida osasuntsuari ateak irekitzeko".

Hala eta guztiz ere, legeak egin edo legeak betearazteko eskumenik ez dutela azaldu dute, baina bai bestelako zerbait: "Gure desioak, nahiak, gorputzak, haserreak, pozak. Hainbeste aldaketaren motor eta protagonista izan direnak. Hainbeste lorpenen jabe. Honaino ekarri gaituztenak. Bilboraino eramango gaituztenak. Eta Bilboko kaleek, Bilboko deiadarrek, Bilboko milaka borondatek eraman ditzatela arduradunak legeak betetzera, justizia egitera, presoak etxera ekartzera. Etxea merezi, nahi eta behar dutelako".

Hori guztia esanda, urtarrilaren 10ean Bilbon Ezin da gehiago luzatu lelopean egingo den manifestaziora joateko deia egin du Azkoitiko Sarek. "Etxean merezi, nahi eta behar ditugulako", esan dute. Hain justu, Azkoititik Bilbora joateko autobusa antolatu dute; Zurt tabernan eskuratu daitezke autobuserako txartelak urtarrilaren 8ra bitartean. Manifestazioaren egunean, Julio Urkixo etorbidearen 7 zenbaki pareko geralekutik abiatuko da autobusa 15:30ean; manifestazioa amaitutakoan izango da haren itzulera ordua. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide