Gabon kutsuko emanaldi goxoa eskaini du Azkoitiko Musika Bandak Urtezahar egunean

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 31

Artista eta konpositore ezagunen doinuak plazaratu dituzte Azkoitiko Musika Bandako kideek. Urtezahar egunez ohikoa den bezala, jende ugari elkartu da Kontzejupean herriko musikarien emanaldia ikusteko.

Azkoitiko Musika Bandak Urtezahar eguneko kontzertua eman du gaur eguerdian Kontzejupean. Gaurko egunez ohikoa den moduan, musikazale ugari elkartu ditu herriko musika bandaren emanaldiak. Carlos Muñoz zuzendariaren aginduetara, musika bandakoek hainbat konpositore ezagunen melodiak jo dituzte.

Ross Roy (Jacob de Haan), The lion King (Paul Lavender), Feelin' good (Michael Bublé), The 80’s (John Higgins), Coco (Eduardo Moreno), Tapia ta Leturia (Lantz Unanue) eta Radetzky martxa (Johann Strauss) abestiak jo ditu Azkoitiko Musika Bandak eguerdiko emanaldiak. Kontzejupean bildu diren herritarrek gozatu ederra hartu dute, eta modu goxoan agurtu dute urtea. 

Gaurko emanaldiaren ondoren, gainera, Koldo Manterola bandakideak hamabost urtez bandan egin duen ibilbidea aitortu du Azkoitiko Musika Bandak. Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak egindako marrazkiaren koadroa eman diote Manterolari oroigarri gisa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide