Faxismoaren eta autoritarismoaren aurka Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia zabalduko du GKSk

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 31

GKSren manifestazio bateko irudia. (GKS)

Urtarrilaren 31n Bilbon eta Iruñean egingo ditu manifestazioak Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), eta Euskal Herriko hamaika herritan eta auzotan egingo dituzte aurkezpenak egunotan. Ostiral arratsaldean egingo dute Azpeitikoa, zapatu goizean Zestoakoa, eta urtarrilaren 9an, Azkoitikoa. 

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako manifestazioak egingo ditu urtarrilaren 31n, gazteen artean faxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzeko asmoz. Bilbon eta Iruñean izango dira manifestazioak, eta Urola Erdiko GKSk Bilbora joateko deia zabaltzeko asmoz, aurkezpenak egingo ditu datozen egunotan. Etzi, urtarrilak 2, Azpeitiko Azoka Plazako areto nagusian egingo dute aurkezpena (18:30); zapatuan, urtarrilak 3, Zestoako Gaztetxean (11:30); eta urtarrilaren 9an, ostiralez, Azkoitiko Elkargunean (18:30).

Lanketa horren barruan, Euskal Herriko hamaika herritan egingo ditu GKSk urtarrilaren 31ko manifestazioak aurkezteko saioak, tartean eskualdekoetan. "Ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre" egiteko deia zabalduko dute. "Euskal Herrian faxismoari gauzak erraz utziko ez dizkion indar handi bat dagoela erakutsi behar dugu, eta horretarako, garrantzitsua da ahalik eta gazte langile gehien mobilizatzea", adierazi dute GKSko kideek.

Bilboko manifestaziora joateko, gainera, autobusa antolatu dute Urola Erditik. Azpeitiko Haginpe tabernan, Azkoitiko Dean nahiz Tta-kun tabernetan eta Zestoako Fati tabernan eros daitezke autobuserako txartelak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide