Baztartxo antzokiko arduradunek jakinarazi dituzte 2026. urteko lehen hilean zein film emango dituzten. Guztira, hamar film eskainiko dituzte urtarrilean herriko antzoki nagusian, helduentzako sei eta haurrentzako lau. Datorren asteburuan ekingo diote Baztartxon urte berriari, eta helduentzako Anaconda eta haurrentzako Misión Santa: Yoyo al rescate filmak emango dituzte. Helduentzako emanaldiak zapatuan, urtarrilak 3, eta igandean, urtarrilak 4, izango dira, biak 19:30ean hasita. Haurrentzako emanaldia, berriz, igandeko 17:00etan hasiko da. Aldiz, astelehenean, urtarrilak 5, ez da film emanaldirik izango.
Anaconda filmarekin hasiko du 2026ko film komertzialen sasoia Baztartxok. Doug eta Griff oso lagun onak dira haurrak zirenetik, eta beti egin dute amets garai guztietako beren film gogokoenaren remake bat egitearekin: Anaconda film klasikoa. Krisialdi baten eraginez, azkenean abenturari helduko diote; filmatzen hasteko asmoz, Amazonasko oihanean sartuko da bikotea. Ordea, gauzak serio jarriko dira benetako anakonda erraldoi bat parez pare agertzean.
Misión Santa: Yoyo al rescate filmak, bestalde, Gabonetako kontuak ditu hizpide. Bizarzuriren tailerra guztiz modernizatu dela erakutsiko du filmak; izan ere, magia eta tradizioa automatizazioak eta eraginkortasunak ordezkatuko dituzte. Ipar Poloko lana teknologian adituak diren elfoen belaunaldi berri baten esku dago, baina horrek nahastu egiten du Yoyo. Elfo maitagarria, baina, era berean, inozoa da Yoyo. Hark Bizarzurirentzako lantegi berri bat izango du amets, baina hacker batek, mendeku egarriz, Ipar Poloaren kontrola hartuko du, Yoyoren ametsa beldur bihurtuz. Gabonak arriskuan ikusiko ditu Yoyok Bizarzuri iristen ez bada, baina, zoritxarrez, inork ez du jakingo Bizarzuri non dagoen, ezta hura nola aurkitu ere. Gabonak salbatzeko asmoz, Yoyo misio zoro batean murgilduko da orduan.
Beste zortzi film
Urte berriko lehen astearen ondoren, beste zortzi film emango dituzte Baztartxon, helduentzako bost eta haurrentzako hiru, hain zuzen. Helduen filmen artean daude Avatar: fuego y ceniza, El médico II zein Rondallas eta zineforum saioetako A Fidai Film nahiz Urchin. Umeentzako zerrendan daude, bestalde, Zootrópolis, Bob Esponja: una aventura pirata eta Abuela tremenda.
Hona hemen urtarrileko filmen egutegia, osorik:
- Urtarrilak 3 eta 4: Anaconda filma.
- Urtarrilak 5: haurrentzako Misión Santa: Yoyo al rescate filma.
- Urtarrilak 10, 11 eta 12: Avatar: fuego y ceniza filma.
- Urtarrilak 11: haurrentzako Zootrópolis filma.
- Urtarrilak 13: A Fidai Film filmaren zineforuma.
- Urtarrilak 18 eta 19: El médico II filma.
- Urtarrilak 18: haurrentzako Bob Esponja: una aventura pirata filma.
- Urtarrilak 25 eta 26: Rondallas filma.
- Urtarrilak 27: Urchin filmaren zineforuma.