Haurrentzako hiru ikuskizun izango dira aste honetan Elkarguneko Oteiza aretoan

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 29a

Ameztu antzerkia konpainiak 'Kay robot' aurkeztuko du. (Ameztu antzerkia konpainia)

Bihar, magia ikuskizuna eskainiko dute Elkarguneko Oteiza aretoan, 17:00etan hasita. Zapatuan eta igandean izango dira haurrentzako beste bi ikuskizunak; txotxongilo eta dantza, antzerki nahiz musika emanaldiak izango dira asteburukoak. Emanaldi guztiak doakoak dira. 

Azkoitiko Gazteria sailak Gabonetarako antolatutako ekintzen barruan, haurrei zuzendutako doako hiru ikuskizun izango dira ikusgai aste honetan, Elkarguneko Oteiza aretoan. Magia, txotxongilo, musika, antzerki eta dantza ikuskizunak eskainiko dituzte hainbat konpainiek.

Bihar, asteartea, izango da lehen hitzordua; 17:00etan hasita, Tor magoak eta Txoborrok Aztikeriak izeneko magia ikuskizuna taularatuko dute. Ordubetez, magia, umorea eta ilusioa uztartuko dituen ikuskizuna eskainiko dute bi lagunek. Hala dio ikuskizunaren sinopsiak: "Zer gertatuko litzateke mago batek, lo hartu duelako, bere ikuskizunera joatea ahaztuko balu?". Egoera hori aintzat hartuta, bi magoek magia saio berritzailea sortu dute elkarlanean.

Urtarrilaren 3an, zapatuan, Ameztu antzerkia konpainiak hiperteknologiaren tiraniari buruzko Kay robot izeneko txotxongilo komedia dibertigarria eta ameslaria eskainiko du (17:00). Kay txikitatik da etorkizunaren beldur, txip, diodo eta algoritmoz beteriko etorkizuna ikusten du-eta hark. Ordea, etorkizuna ez dago makinen eskuetan, makinen eraikitzaileen bihotzetan baizik. Hori hala, bere zortzigarren urtebetetzean robot eraikitzailea bihurtzea erabakiko du. Bere izaki mekanikoak matxinatu egingo dira, eta iraultza robotiko bat sortuko da, gizateria akabatuz.

Urtarrilaren 4an, igandez, antzerkia, musika eta dantza uztartzen dituen Gora kopak izenekoa (17:00) eskainiko du Ttipia konpainiak. Euskaraz bizitzeko gonbita egingo du ikuskizunak. Emanaldiak bidaia emozional eta kolektibo batera eramango ditu haurrak. Euskararen, euskal kulturaren, laguntasunaren, naturaren eta balore unibertsalen aldarrikapena egingo dute hitzordu horretan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide