Ruper Ordorikak Baztartxo liluratu du

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 28a

Ruper Ordorika, Baztartxon eskaini zuen kontzertuan. (Mailo Oiarzabal)

Ruper Ordorikak Lurra ikutu barik diskoa aurkeztu zuen atzo Baztartxon eskaini zuen kontzertuan, eta gozatu ederra hartu zuten entzuleek.

Jendetza batu zen Ruper Ordorikak atzo arratsaldean Baztartxon eskaini zuen kontzertuan. Lurra ikutu barik (Elkar, 2025) diskoa aurkeztuko zuen Oñatiko musikariak.

Euskal musikagintzako erreferente handienetako bat den Ruper Ordorikak Mugalariak banda izan zuen lagun Gabonetako kontzertuan. Taldeko kide dira Miner –gitarra, biolina eta mandolina–, Lutxo Neira –baxua–, Hasier Oleaga –bateria–, Eduardo Lazaga –perkusioa– eta Nando de la Casa –perkusioa eta teklatuak–. Guztien artean giro intimo eta atmosferiko bat sortu zuten, Ordorikaren ahots bereizgarriak gidatuta.

Ruper Ordorika Baztartxon. (Maitane Elduaien)

Oñatiarraren azken lanak bere izaera propioa eta esperimentaziorako grina uztartzen ditu, soinu garbien eta biluzien bitartez. 11 abesti bildu ditu diskoan, egunerokoaren hausnarketa poetikoak eta denboraren joanaren inguruko gogoetak tartekatuz.

Disko horretako Garai batean, Bada leku bat eta Joan zen uda bezalako piezak dira, esaterako, Ordorikaren konposizio helduaren eta zintzoaren adibiderik garbienak.

Leo Abrahams musikari eta ekoizle britainiarraren laguntzaz grabatu du diskoa oñatiarrak, eta ohiko kideak izan ditu hark alboan: Jon Thorne kontrabaxuan, Kenny Wollesen perkusioan eta Arkaitz Miner biolinarekin zein mandolinarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide