Asteazkeneko eraso matxista gaitzetsi dute udalbatzako ordezkariek nahiz herritarrek

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 27a

Eguberri bezperako erasoa salatzeko bildu zen herritar taldea. (Azkoitiko Udala)

Gabon gaueko eraso matxista gaitzesteko Udaleko Bozeramaile batzordeak deitutako elkarretaratzearekin bat egin zuten atzo hainbat herritarrek. Udalbatzako ordezkari politikoak izan ziren mobilizazioaren lehen lerroan, horien artean, Ana Azkoitia alkatea.

Udaleko Bozeramaile Batzordeak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, ostirala, Gabon gaueko sexu eraso saiakera gaitzesteko. Hainbat herritar elkartu ziren 19:00etan plazan, eta udaleko talde politiko guztietako ordezkariek heldu zioten pankartari, horien artean, Ana Azkoitia alkateak. Mobilizazioan parte parte hartu zuen, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Nerea Isasik.

Elkarretaratzea iragartzeko zabaldu zuten oharrean, udaleko alderdi guztiek beren "gaitzespenik irmoena" adierazi zuten Azkoitiko bizilagun batek abenduaren 24ko gauean, Eguberri bezperan, jasandako erasoaren aurrean.

"Ez dago eskubiderik lanetik etxera bidean doan emakume bat inguratzeko eta bortxatzen saiatzeko. Erasotzaileak egindakoa ordaindu dezala. Nahikoa da. Indarkeria matxista gure indar guztiekin desagerrarazi behar dugun gaitza da, aitzakiarik gabe, justifikaziorik gabe, eta beste aldera begiratu gabe", adierazi zuen Udaleko Bozeramaile Batzordeak.

Gabon gaueko eraso matxista gaitzesteko herrian egindako bigarren elkarretaratzea izan zen atzokoa, ostegunean ere hainbat lagun mobilizatu ziren Itaiak deitutako protestan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide