Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du zapatuan Baztartxon

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 24a

Ruper Ordorika, emanaldi batean.

Salgai daude jada larunbat honetan Ruper Ordorika musikariak Baztartxon eskainiko duen kontzerturako sarrerak. Oñatiarrak Mugalariak banda izango du lagun Gabonetako kontzertuan.

Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du zapatu honetan, 19:00etan, Baztartxon. Lurra ikutu barik (Elkar, 2025) diskoa aurkeztuko du Oñatiko musikariak. Emanaldirako sarrerak esteka honetan eros daitezke, 12 euroren truk.

Euskal musikagintzako erreferente handienetako bat den Ruper Ordorikak Mugalariak banda izango du lagun Gabonetako kontzertuan. Taldeko kide dira Miner –gitarra, biolina eta mandolina–, Lutxo Neira –baxua–, Hasier Oleaga –bateria–, Eduardo Lazaga –perkusioa– eta Nando de la Casa –perkusioa eta teklatuak–. Guztien artean giro intimo eta atmosferiko bat sortuko dute, Ordorikaren ahots bereizgarriak gidatuta.

Oñatiarraren azken lanak bere izaera propioa eta esperimentaziorako grina uztartzen ditu, soinu garbien eta biluzien bitartez. 11 abesti bildu ditu diskoan, egunerokoaren hausnarketa poetikoak eta denboraren joanaren inguruko gogoetak tartekatuz.

Disko horretako Garai batean, Bada leku bat eta Joan zen uda bezalako piezak dira, esaterako, Ordorikaren konposizio helduaren eta zintzoaren adibiderik garbienak.

Leo Abrahams musikari eta ekoizle britainiarraren laguntzaz grabatu du diskoa oñatiarrak, eta ohiko kideak izan ditu hark alboan: Jon Thorne kontrabaxuan, Kenny Wollesen perkusioan eta Arkaitz Miner biolinarekin zein mandolinarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide