Herritar talde baten ekimenez, Gazaren aurkako genozidioa salatzeko eta Israeli boikota egitea eskatzeko elkarretaratzeak egiten dituzte ostegunero plazan, eta horien deitzaileek jakinarazi dutenez, Palestinaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko baliatuko dute biharko eguna. Horrela, 14:00etan, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan Palestina askatu, Israeli boikot lelopean.
Horrez gainera, goizean zehar Palestinaren aldeko ikurrak saltzeko nahiz laguntza ekonomikoa bideratzeko elkartasun aktiborako mahaia jarriko dute. Eguerdian, Eguberri bezperan Azkoitiko Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak urtero eskaintzen duten kontzertuan, Palestinari elkartasuna adierazteko sortutako bi pieza joko dituzte. Kontzertura Palestinako banderarekin ala genozidioaren kontrako bestelako ikurrekin agertzeko deialdia egin du herritar talde horrek.