Gol saldo handia kontran eta puntu bakarra poltsikora. Horixe izan da Anaitasuna klubeko bi talde nagusiek asteburuko partidetan bildu dutena. Gizonezkoek 2-2 berdindu zuten Deustoren aurka Zubietan, eta neskek 0-4 galdu zuten Basauriko Kimuak taldearen kontra.
Anaitasunako mutilek joko onarekin hasi zuten partida, eta markagailuan aurrea hartzeko hiru aukera izan zituzten jokalari gorriek. Hala ere, ez zuten lortu atsedenaldira abantailarekin iristea.
Joko indartsua egiteko ideiarekin zelairatu ziren jokalariak bigarren zatian, hala ere, gauzak ez zitzaizkien nahi bezain ondo atera. Azkar batean jaso zituen deustuarren bi golak, bigarrena korner batean. Erasora jotzea beste aukerarik ez zuten, eta hainbat aldaketa tarteko, partidari beste kolore bat ematea lortu zuten mutilek. Aukera garbi ugari izan zituzten orduan, eta bi jaurtiketarekin asmatu zuten azkenean. Puntu bakarra lortu zuten, baina ospatzeko modukoa, galtzen hasi eta berdinduta amaitu baitzuten.
Emaitza mingarria
Emakumezko jokalariek, aldiz, emaitza mingarriarekin amaitu zuten Gabonetako atsedenaren aurreko partida. Ez zuten lan erraza, ligako liderra baitzuten aurrean, Basauriko Kimuak taldea. Eta liderrek egin ohi duten eran, azkar batean egin zuten lehenengo gola, 9. minutuan.
Hala ere, markagailuak ez zuen Anaitasunakoen jokoa islatu. Galtzen hasita ere partidan sartzea lortu zuten, eta aukera dezente izan zituzten baloia sarera sartzeko. Ez zuen nahi, ordea, eta 0-2ko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Azkoitiko jokalariek ez zuten etsi eta etengabe bultza egin zuten bigarren zatian, baina Basaurikoek ere ez, eta beste bi gol egitea lortu zuten.