Partidari ondo erantzun zion aurkariari eutsita, denboraldiko hamargarren garaipena lortu zuen Biele ISBk atzo, igandea, Jaenen (Espainia) jokatu zuen partidan. Jaen Paraiso Interior CBren aurkako lehiaren ostean, 72-81eko emaitzarekin etxeratu ziren otsoak, Bigarren FEB Mailako mendebaldeko multzoko sailkapenaren lehenengo postua indartuta.
Partidaren lehenengo erdia orekatua izan zen, otsoek bezala ondo jokatu baitzuten Jaengoek ere. Puntutan, hala ere, Azkoiti-Azpeitikoak izan ziren nagusi: 17-19ko partzialarekin amaitu zuten lehen laurdena, eta 12-19koarekin bigarrena. Bigarren zatia indartsu hasi zuten aurkariek (24-16), baina ISBk ez zuen etsi, eta azken laurdeneko hiruko jaurtiketak erabakigarriak izan ziren garaipena eskuratzeko.
Sailkapenaren lehenengo postura iltzatzen lagundu dion garaipena lortuta, atseden hartuko du Biele ISBk datorren asteburuan. Urtarrilaren 4an jokatuko du hurrengo partida, UEMC Baloncesto Valladolid taldearen aurka.
Bolada ona berreskuratu dute
Emakumeen Domusa Teknik ISBk, halaber, irabazi egin zuen herenegun, zapatua, Azkoitiko Elkargunean jokatutako partida. Pasa den asteko partidan eten zuen bolada ona berreskuratzea lortu zuen Luis Agirre Katxi-k zuzendutako taldeak, eta 90-84 irabazi zuen La Laguna Toyota Adarevaren kontra.
Ez zen izan sufritu gabeko garaipena. Azkoiti-Azpeitiko taldea 21-17 aurreratu zen lehen laurdenean, baina behera egin zuen bigarren eta hirugarren laurdenetan. 18-25 kontrako partzialarekin amaitu zuten otsoek bigarren laurdena, eta 23-27koarekin hirugarrena, aldea pixka bat gutxituta.
Azken laurdenean, aldiz, erasora jo zuten Katxik gidatutako jokalariek, eta 28-15eko alde nabarmenarekin gainditu zituzten Tenerifeko aurkariak. Gabonetako etena dela eta, datorren astean ez du partidarik jokatuko Domusa Teknik ISB taldeak.