Txikia IV.ak bigarren egin du Euskal Timber Txapelketan

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 22a

Txikia IV.a Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, aizkorako lanak egiten. (Ibon Errazu)

Momentuko hamasei aizkolari onenak lehiatu ziren atzo Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Kirolariek motozerra, trontza eta aizkora lanak egin zituzten, eta Azkoitiko Julen Alberdik bigarren denbora onena egin zuen.

Julen Alberdi Txikia IV.ak bigarren egin zuen atzo arratsaldean Zarautzen jokatu zuten Euskal Timber Txapelketaren lehen edizioan. Aritzbatalde pilotalekua erabat beteta, Julen Alberdi Txikia IV.ak Iker Vicente izan zuen aurrez aurre finalean, baina Otsagabiako kirolaria azkarragoa izan zen: probako lau ariketak minutu, 51 segundo eta 41 ehuneko denboran osatu zituen Vicentek; azkoitiarrak, berriz, 28 segundo gehiago behar izan zituen lanak amaitzeko.

Txikia IV.a Ibai Soroa irabazita iritsi zen buruz burukora, eta Iker Vicentek beste horrenbeste egin zuen bere aita Danirekin azken txanpara iristeko. Podiduma osatzeko lehian, Dani Vicente beteranoa gailendu zitzaion Soroari, eta beretzat izan zen hirugarren postua.

Hamasei aizkolari aritu ziren atzokoan, eta kanporaketa sistema erabilita, final zortzirenetan ekin zioten txapelketari, binaka lehiatuz. Proban gainditu beharreko lau ariketak ondorengoak izan ziren: motozerrarekin 40 zentimetroko diametroa zuen enbor bat moztu, aizkorarekin 30 zentimentroko diametroa zuen egur bat horizontalean, trontzan 40 zentimetroko diametroa zuen enbor bat, eta bukatzeko, 30 zentimentroko diametroa zuen egur mozketa bertikala.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide