Egiten duten lana goraipatuta, aitortza jaso dute herriko merkatariek

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 20a

Herriko merkatariek udalaren eta Herrixen elkartearen aitortza jaso dute gaur eguerdian, Portaleburu aretoan. Gabonetako Erakusleiho Erakusketan parte hartu duten saltokien artean 200 euroko bost bonu zozkatu dituzte, eta Herrixeneko dendetan Azkoitia txartelarekin erosketak egin dituzten herritarren artean zozkatutako 23 otarreak eta bonuak banatu ere bai. Jendez leporaino bete da aretoa.

Egiten duten lana tarteko, Azkoitiko Udalaren eta Herrixen merkatari elkartearen aitortza jaso dute herriko merkatariek, eta batez ere, Gabonetako III. Erakusleiho Erakusketan parte hartu dutenek. 13:30ean hasi da ekitaldia Portaleburu aretoa jendez leporaino zela, eta hitzartzeak, opari banaketak, musika eta bideoak izan dira protagonista.

Jone Larrañagak abesti bat kantatuta eman dio hasiera ekitaldiari. Sonia Vazquez zinegotziak gidatu du ekitaldia, eta lehen-lehenik, erakusleiho lehiaketan parte hartu duten hamabost saltokiren artean 200 euroko bost erosketa bonu zozkatu dituzte: Noah arropa dendak, Namaste ile apaindegiak, Amalur bideoklubak, ETK informatika dendak eta Itziar arraindegiak eskuratu dituzte horiek. Aurtengo edizioan, bost saltoki horietako erakusleihoak ez ezik, Gabon giroz apaindu dituzte honako hauek ere: Beatriz Pozo dekorazioa, Prest tindategia, Naroa Valor estudioa, Aizterri Home, Lukas lurrindegia, NK ile apaindegia, Arrospide Oinetakoak, Aingeru loredenda, Maina mertzeria eta Lopetegi iturgintza.

Bonuak banatuta eta erakusketako partaideei eskerrak emanda, Ana Azkoitia alkateak hartu du hitza, eta hark eskerrak eman dizkie saltokietako mostradorearen atzean ezagututako gizonei eta emakumeei, herritarrek egunero izaten dutelako horietan behar dutena erosteko aukera, egunero zabaltzen dituztelako ateak, bezeroak errege-erreginen pare tratatzen dituztelako eta herriko kaleak ez liratekeelako berberak izango beraiek gabe. "Aitortza egin nahi dizuegu ekintzaileak zaretelako, gehiengo handi batek funtzionario izatea nahi edo amesten duen garaiotan; aitortza egunero indarrak agortu arte ahalegintzen zaretelako; aitortza digitalizazioaren eta adimen artifizialaren aurrean, garaietara egokitzen saiatzeagatik; aitortza negozio txikiei eustea batzuetan heroikoa ere badelako", esan du.

Halaber, merkatarientzat ere ez direla garai errazak esan du alkateak. "Denok nahi ditugu dendak herrian, denok goraipatzen ditugu saltoki txikiak, zero kilometro produktuak, tokikoak eta sasoikoak, baina koherentea izatea da gauza zailenetakoa. Horixe da merkatari txikiekin gertatzen zaiguna. Merkataritza gune handiak nahi ditugu, etxeko sofatik mugitu gabe erosi, jaso eskaera, aldatu... Ez dira, ez, garai errazak", esan du.

Herrixen elkarteko teknikari Sara Rodriguezek ere hartu du hitza gero. Hark esan duenez, saltoki txikiak dira herriaren bihotza, bihotza eta taupada: "Kaleetan dantzatzen den argia, goizero irekitzen den irribarrea, etxeko moduk usaina duen hurbiltasuna. Zuen atarira hurbiltzen garenean, ez gara bezero hutsak; izen-abizendun pertsonak gara, eta horren egiten du herria etxe handi bat". Hark ere esker hitzak izan ditu merkatarientzat, egiten duten lana ez dela-eta nolanahikoa. 

Ekitaldiaren bukaeran Herrixen merkatari elkarteko dendetan Azkoitia txartelarekin erosketak egin dituzten 23 herritarri opari bana eman diete: bonuak nahiz otarreak. Saria egokitu zaien herritar gehienak ekitaldian izan dira, eta bertan jaso dituzte opariak. Gainera, Herrixenek eta Azkoitiko Udalak Gabonetarako egindako bideoak ikusteko aukera izan dute aitortza ekitaldira joandakoek, baita kokadutxoa egiteko tartea ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide