Datorren urtean hiru hamarkada beteko dira Juan Luis Zabala Pipi-k Galdu arte (Susa, 1996) eleberria idatzi zuela, eta Azkoitiko Gazte Asanbladaren (AGA) gonbidapena onartuta, atzo arratsaldean Elkargunean izan zen hitzaldia ematen. Izan ere, AGAk duela hiru urte ekin zion gaztetxe bat eskuratzeko borrokari, eta Galdu arte-k, funtsean, 90ko hamarkadan helburu berarekin herrian sortutako mugimenduaren nondik norakoak kontatzen ditu.
Idazleak aitortu zuen 30 urteotan sekula ez duela berak idatzitako eleberria berriz irakurri, eta dagoeneko akordatu ere ez dela egiten liburuan jasotako zenbait xehetasunekin; bai, ordea, muinarekin. Gainera, alboan izan zuen Piztixe, garai hartako kontuak berritzen laguntzeko. Garai hartako testuinguruaz, kaleko giroaz eta giro politikoaz zertzelada batzuk zituzten aurrena. Gogora ekarri zuten eurak ere hasieran udalera joan zirela gazteen bilgune izango zen espazio bat eskatzera, eta han jasotako ezezkoaren ondotik, okupazioaren bidea hartzea erabaki zutela. Handira jo zutela azaldu zuen Piztixek, eta hasiera batean musika eskolaren eraikinera sartu zirela, aurrez ondo pentsatutako plan eta guzti. Gipuzkoako Gazteen Eguna antolatu zuten herrian, aitzakia horrekin inguruko herrietako gazteak ere herrira etor zitezen, eta indar hori baliatuta sartu ziren musika eskolaren eraikinera, ETBren kamerak bertan zirela.
Pipik kontatu zuenez, berriz, gaztetxearen aldeko borrokak tentsio handia sortu zuen herrian, eta hausturak ere bai familietan, eta konparazio baterako, gaur egun Hondarribian alardearekin gertatzen dena aipatu zuen. "Kontuan izatekoa da beste garai batzuk zirela, Franko hilda zegoen ordurako baina Azkoitia oso herri erlijiosoa zen, eta gaztetxearen alde zebiltzanak herrian oso markatuta zeuden".
Elkarguneko Oteiza aretoan zeuden gazteek arretaz entzun zituzten bi beteranoen azalpenak, eta haiei nahi adina galdera egiteko aukera izan zuten gero.