Azkoitiko Udalak bihar, ostirala, izendatuko du 2025. urteko herriko kirolari onena nor izan den. Orain arte, udaletxeko bilkura areto nagusian egin izan dute ekitaldia, baina bihar, lekuz aldatuko dute; Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egingo dute sari banaketa, 19:00etan hasita.
Ohi bezala, hainbat kirol diziplinatan nabarmendu diren kirolariak omenduko ditu udalak, eta hala, oroigarri bana jasoko dute diziplina bakoitzeko kide banak. Guztira, hogei diziplinatako kirolariak eta ordezkariak elkartuko ditu biharko ekitaldiak. Hogei kirolari horiei aitortza egin ondoren izendatuko dute urteko herriko kirolari onena. Bozketa bidez erabakiko dute hogei hautagaien arteko onena; ohiko prozedurari jarraituz, kirolariek, udal ordezkariek eta kazetariek izango dute botoa emateko aukera.
Iaz, Bingen Aranbarri korrikalaria izendatu zuten Azkoitiko urteko kirolari onena. Ikusteko dago, beraz, Aranbarriren lekukoa nork hartuko duen datorren urteko abendura bitartean.