Bingen Aranbarri izendatu dute Azkoitiko Urteko Kirolari Onena

Iraia Oteiza 2024ko abe. 21a, 10:00

2024a urte borobila izan da Bingen Aranbarri atletarentzat, eta atzo, ostirala, herriko kirolari onena izendatu zuten azkoitiarra. Udaletxean egin zuten sari banaketa, eta hark lortu zituen boto gehien. Guztira, 20 hautagai zeuden saria irabazteko izendatuta, eta lehia estua egon zen.

Bingen Aranbarri atleta izendatu dute 2024ko Azkoitiko Kirolari Onena. Ez du urte makala egin hark; izan ere, 20 urtez azpiko Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak irabazi ditu aire libreko 1.500 metroko proban, Gipuzkoako txapelketako aire libreko eta pista estaliko 800 metroko proban ere txapela eskuratu du, eta aire libreko 800 metroko Euskadiko txapelketan bigarren postua lortu du. Horiez gain, hainbat erlojupeko, kross eta txapelketatan ere emaitza onak lortu ditu aurten atleta azkoitiarrak. Horri guztiari balioa eman zioten atzo herriko kirolari onena hautatzeko bozketan parte hartu zuten 20 hautagaiek zein udaleko eta hedabideetako ordezkariek, eta lehia estua izanagatik ere, azkenean Aranbarri izendatu zuten 2024ko Azkoitiko Kirolari Onena. Ana Azkoitia alkatearen eskutik jaso zuen hark saria.

Sari banaketaren hasieran, banaka-banaka, aurtengo saria irabazteko aukera zuten 20 modalitatetako kirolariak aipatu zituzten, eta baita horiek aurten egindako lorpenak ere. Hainbat udal ordezkari izan ziren horiei guztiei garaikurrak ematen. Behin bakoitzak bere garaikurra eskuan, bozketa fasea heldu zen. Aurten, lehendabizikoz, berdinketa izan zen bi hautagairen artean. Bingen Aranbarri eta Julen Alberdi Txikia IV.ak hiruna boto eskuratu zituzten, eta bigarren bozketa batek erabaki behar izan zuen aurtengo irabazlea. Hortik atera zen Aranbarri garaile, hamaika botorekin. Sari banaketa ekitaldia amaitzeko, Eneritz Artetxe bertsolariak hainbat bertso abestu zizkien bertaratu zirenei.

Honako hauek izan dira herriko kirolari onena izendatzeko aurtengo 20 hautagaiak:

  • Areto futbola: Josu Godoy
  • Arrantza: Aimar Ansola
  • Atletismoa: Bingen Aranbarri
  • Automobilismoa: Iosu Beitia
  • Boloak: Santos Muñoz
  • Ehiza: Gorka Lizarralde
  • Futbola: Igor Zubeldia
  • Gimnasia Erritmikoa: Zubi-berri jubenilen taldea. Maren Casas, Aitana Sanchez, Nikole Aranbarri, Nahia Urbizu eta Amaia Sudupe.
  • Herri kirolak: Julen Alberdi, Txikia IV.a
  • Igeriketa: Nora Mateos
  • Karatea: Haritz Epelde
  • Kirol egokitua: Arturo Arellano
  • Kriketa: Moeez Ali
  • Mendia: Joxe Miel Irizar
  • Pilota: Julen Etxaniz
  • Saskibaloia: Domusa Teknik ISB taldea
  • Tenisa: Janik Larrañaga
  • Triatloia: Alex Arrieta
  • Txirrindularitza: Enaitz Eizagirre
  • Xakea: Izaro Arriola

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide