Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) antolatuta, Juan Luis Zabala idazle azkoitiarrak Galdu arte liburuari (Susa, 1996) buruz hitz egingo du bihar, ostirala, Elkargunean. 18:30ean hasiko da haren hitzaldia, eta idazlea bera ere saio horretan izango da, hark emango baititu bere lanari buruzko gakoak.
Etxeen okupazioak, gazte asanbladak, rock zein punk musika emanaldiak, amodioa, drogak, polizia, manifestazioak... baina, batez ere, Azkoitiko gaztetxea da protagonista Zabalaren liburu horretan. Liburua idatzi zuenetik ia hiru hamarkada bete badira ere, garai hartako kontuak gaurkotuko ditu idazle azkoitiarrak biharko saioan.
Beste talde batzuek parte hartu bazuten ere, Azkoitiko Talde Antimilitarista izan zen Azkoitiko Gazte Asanbladaren bultzatzaile nagusia 90eko hamarkadan; Azkoitiko Gaztetxearen aldeko mugimendua hamarkada horren erdialdean hasi zuten herriko hainbat gaztek.
Aurrena, Ibaiondo kalean zegoen Miserikordia Etxea okupatu zuten gazte asanbladakoek. Okupazioaren ondoren, diru laguntzak eskatu zizkion asanbladak udalari, kultur egitasmoak antolatzeko. Ordea, udalari azter zezala eskatzeko, zenbait gaztek udaletxeko bilkura aretora jo zuten, udal ordezkariek gaztetxeko kontuez hitz egin zezaten eskatzeko. Ekintza haren ondoren, udalak hamahiru gazteren aurkako salaketa jarri zuen hilabete batzuk geroago. Gaztetxe horrek hiru urtetik gora iraun zuen, Udaltzaingoak hura hustu zuen arte.
Gerora, Azkoitiko Udalak herriko plazan eraiki zuen gaztetxea, Kultur Etxeko eraikinean. Erakundeak gaztetxea ireki aurretik haren kudeaketa bere gain hartu nahi izan zuen, baina, azkenean, gazte asanbladak hartu zuen kontrola. Dena den, 1993an itxi zuen udalak gaztetxe hura. Harrezkero, Matadeixek hartu du, neurri baten, Azkoitiko Gaztetxearen oinordetza.
Gaztetxea lortzea xede
Azkoitiko Gazte Asanbladak duela hiru urte abiatu zuen gaztetxe bat eskuratzeko prozesua. Prozesu horri ekiteko Kaleetatik gaztetxera, gaztetxetik kaleetara izeneko kanpaina jarri zuen abian AGAk 2022an. AGAk "gazte asanblada sortu zuten momentuan sumatu" zuen gaztetxe baten hutsunea. "Jardun politiko independente bat aurrera eramateko azpiegitura edo espazio baten faltan gaude", adierazi dute ohar bidez. Martxan duten egitasmo horren barruan kokatu dute Zabalaren biharko solasaldia.