Gaztetxe bat eskuratzeko prozesua abiatu du Azkoitiko Gazte Asanbladak

Andoni Elduaien 2022ko abe. 30a, 10:00

Azkoitiko Gazte Asanbladako kideak, Goiko Losan. (AGA)

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) beharrezkoa ikusten du "jardun politikoa zein kulturala aurrera eraman ahal izateko" gune edo espazio bat eskuratzea. Horren aurrean, AGAk gaztetxe bat eskuratzeko prozesuari ekin dio.

Gaztetxe bat eskuratzeko prozesua abiatu du Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA). Duela aste batzuk, prozesu horri ekiteko Kaleetatik gaztetxera, gaztetxetik kaleetara izeneko kanpaina jarri zuen abian AGAk. Kanpaina horren barruan, askotariko mezuak irakur zitezkeen kartelak itsatsi dituzte azken asteetan, herriko kale askotan. AGAk adierazi du "gazte asanblada sortu zuten momentuan sumatu" zutela gaztetxe baten hutsunea. "Jardun politiko independente bat aurrera eramateko azpiegitura edo espazio baten faltan gaude", adierazi dute ohar bidez.

AGAk dio "ezinbestekoa" dutela beraien zein beste eragile batzuen "jardun politikoa zein kulturala aurrera eraman ahal izateko" gune edo espazio bat eskuratzea. "Gaur egun bizi garen gizarte kapitalista honek ezartzen dituen mugen eta arauen barruan, helduok zein gazteok otzan eta konforme nahi gaituzte. Arau horiek zalantzan jarri eta gainditzeko asmoz antolatzen den espresio politiko oro zapaltzen eta isiltzen saiatzen dira", azaldu dute.

Egungo gizartea "despolitizatuta" dagoela dio AGAk, eta horretarako proposamenak zein ekarpenak eginez, gazte asanbladak argi du "beharrezkoa" dela "egoera horri aurre egiteko" eta "herria eta batez ere gazteria politizatzeko" Azkoitian gaztetxe bat izatea. "Finean, elkarren artean sozializatzeko askotariko espazio desberdinak sortzea da helburua".

AGAk adierazi du gazte asanbladak "beharrezkoak" direla gaztetxeetan gune horiek dituzten funtzioak aurrera eramateko. Era berean, nabarmendu dute gazte asanbladek "eskubidea" dutela "biltzeko eta politika instituzionaletik kanpo antolatzeko espazio duin bat" izateko. Horren aurrean, "gaztetxe bat eskuratzera" doala nabarmendu du AGAk, eta bidean parte hartu nahi dutenei prozesura batzeko deia zabaldu die.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide