Euskal Herriko kerik gabeko lehen udalerria izango da Azkoitia

Ainara Olano 2025eko abenduaren 28a

Pertsona bat zigarroa erretzen. (Freepik)

[Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea] 2027tik aurrera jarriko dute neurria indarrean. Erretzaileek hamar metroren bueltan inor ez badute piztu ahalko dute soilik zigarroa. Udalak dekretu bidez onartu du neurria.

Espainiako Gobernua prestatzen ari den tabakoaren aurkako legearen aurre-proiektua onartu aurretik, tabakoaren aurkako tokiko legea onartu du Azkoitiko Udalak, eta lege hori dela eta, egun erretzea baimenduta dauden eremuak murriztuko ditu erakundeak: herritarrek ezin izango dute espazio publikoetan erre 2027. urtetik aurrera.

Euskal Herrian aitzindaria izango da Azkoitia, Euskal Herriko kerik gabeko lehen udalerria bihurtuko baita. Hori hala, guztiz debekatuta egongo da herriko espazio publikoetan erretzea, hala nola terrazetan, kanpoko igerilekuetan edo aire zabaleko kirol instalazioetan. Salbuespen bakarra da hamar metrotik gorako distantzia mantentzea. Alegia, bakarrik egon beharko da bide publikoan zigarroa zein zigarro elektrikoa piztu ahal izateko.

Lege berria onartuta, tabakismoaren aurkako borroka indartzeaz eta erretzen ez duenarekiko "errespetuaren kultura" sustatzeaz gain, helburua da, batez ere, herritarrak tabakoaren kearen eraginpean egotetik babestea, bereziki gazteak. 

Azkoitiko Udalak dekretu bidez onartu du neurria. Hark adierazi duenez, oraingoz ez dute zigor ekonomikorik ezarriko, baina "trantsizio epea" igarotakoan, debekua hausten dutenek 100 eurotik 1.200 eurora bitarteko isunak jaso ditzakete. 

Euskal Herrian Azkoitia aitzindaria bada ere, nazioarteko beste hainbat hiritan ezarri dituzte gisa horretako debekuak, hala nola Tokion, Milanen eta Groningan. 2027tik aurrera, beraz, Azkoitia salbu geratuko da zigarrokinen kearen arrastoetatik. 

Abenduak 28, 18:00: Azkoitia Gukak Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide