Eguzkik Arartekoan salatu du berriz udala, Gobernantzako Bikaintasunaren Zigiluaren kostuen harira

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 18a

Azkoitxiko udaletxea. (Artxiboa)

Maiatzean ingurumenari buruzko informazio eskubidea urratu zuelako salatu zuen Eguzkik udala. Orain, bigarrenez jo du ekologista taldeak Arartekora, udalak Gobernantzako Bikaintasunaren Zigiluaren (ELoGE) gastuak ezagutarazteari uko egin diola salatzeko.

Eguzki talde ekologistak Azkoitiko Udala salatu du bigarrenez Arartekoan. Joan den maiatzean salatu zuen talde horrek aurrenekoz udala, orduan ingurumenari buruzko informazio eskubidea urratu zuela eta. Orain, bigarrenez jo du Arartekora, udalak Gobernantzako Bikaintasunaren Zigiluaren (ELoGE) gastuak ezagutarazteari uko egin diola salatzeko. Ekologista taldeak ohar bidez jakinarazi duenez, "desobedientzia errepikatu" egin da orain: "Udalak ez du Gardentasun Legea betetzen, elkarrizketa eta gauzak ondo egiteko hitza hautsiz, eta harrokeria instituzionala baieztatuz", azaldu du.

Hain zuzen, bigarren salaketak badu lotura maiatzean egindakoarekin. Ekologista taldeak aurtengo abuztuan jaso zuen Arartekoaren aldeko ebazpena, ekologista taldeari arrazoia ematen ziona. "Udala guri ukatzen ari zitzaigun informazioa ematera behartu zuen. Frogatu ahal izan dugu udalak jaso zuen zigilua arbitrarioa, autoritarioa eta opakoa izan dela. Bere kudeaketa legitimatzeko erabiltzen den fatxada bihurtu da".

Arartekoaren aldeko ebazpena jasota, Eguzkik eskatutako txostena jaso zuen, eta horrekin batera, irailean, Gobernantzako Bikaintasunaren Zigiluaren sarira bideratutako gastuen eta giza baliabideen informazio zehatza galdegin zion udalari. 2024ko uztailaren erdialdean jaso zuen udalak zigilu hori, gardentasuna, kontu emateko betebeharra eta zuzenbide estatuaren errespetua eskatzen dituena. Eguzkik adierazi du, Azkoitiko Udalak aitortza hori jaso zuenean, udal gobernuak esan zuela zigilua "etengabeko hobekuntzarako pizgarria" izango zela. 

Hain zuzen, eskaera horren ondotik jo du berriro Eguzkik Arartekora; izan ere, udalak Gobernantzako Bikaintasunaren Zigiluaren (ELoGE) gastuak ezagutarazteari uko egin diola adierazi du ekologista taldeak. "Garrantzitsuena ez da zer gastu duen, baizik eta erakundeak duen uste autoritarioa. Udalak dirua bere fatxada politikorako sari batean gastatzea lehenetsi du, eta are larriagoa dena, uste du herritarrek ez dutela eskubiderik zigilu hori lortzeak zer kostu publiko izan duen jakiteko. Opakutasunak gardentasunarekiko mespretxu maila berri bat lortu du", adierazi du Eguzkik.

Talde horren arabera, udalak hilabeteko epea zuen erantzuna legez emateko, baina erakundeak "bi hilabete baino gehiagoko isiltasun administratiboa" gorde du. "Eguzkik Arartekoaren espedientearen irekieraren berri azaroaren 27an eman zuenean, baina alkateak, nahita, ez zuen kontuan hartu errektifikatzeko zuen hamar eguneko epea, Arartekoak gomendio formalezko ebazpena igorri ez zezan", nabarmendu du ekologista taldeak.

"Etengabea" den eredu horrek "Gardentasun Legearen urraketa nabarmena" dakar Eguzkiren esanetan, eta egoera hori "harrokeria instituzionaleko jarrera" ere bada. "Gure eskaerari erantzuteari uko egiteagatik eta legea hausteagatik, Arartekoaren bidez egin beharko du udalak kudeaketa, eta hari azaldu beharko dio zein izan diren urraketaren arrazoiak". Gainera, Eguzkirentzat "hipokrisia agerikoa" da udalaren kudeaketan. "Udal gobernuak publikoki adierazi du ordezkari politikoen eginkizuna soluzioak aurkitzea, lehentasunak ezartzea eta proiektuak gauzatzea dela. Ordea, errealitateak erakusten du udalaren lehentasuna dela baliabideak Gobernantzako Bikaintasunaren Zigiluan gastatzea, bere kudeaketaren errealitatearekin bat ez datorren irudi bat proiektatzeko".

Eguzkik udalari eskatu dio "jarrera autoritarioa eta opakutasuna" alde batera utz ditzala, eta "zintzotasuna, legea eta Azkoitiko herria errespeta" ditzala. "Udalak, kritika politikoak erabaki hobeak hartzeko eta hobetzeko hausnarketa aukera gisa erabili beharrean, opakutasunez eta ezezkoz erantzuten du. Legea betetzeko eskatzen zaionean desafioa sentitzen duen gobernu bat, zuzendu beharreko gobernua da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide