Bikain ziurtagiria jaso dute Izarraitz Lanbide Heziketak eta Ibarmia Innovatek enpresak

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 17a

Ziurtagiriak jaso zituzten enpresetako eta erakundeetako ordezkariak, atzo, Gasteizko ekitaldian. (Eusko Jaurlaritza)

Eusko Jaurlaritzak atzo egin zuen euskararen erabilera aitortzeko ekitaldia Gasteizko Europa jauregian, eta Azkoitiko bi eragile horiek jaso zuten aitortza.

Eusko Jaurlaritzak atzo egin zuen euskararen erabilera aitortzeko ekitaldia Gasteizko Europa jauregian, eta guztira, 75 erakunde publikok eta pribatuk jaso zuten ziurtagiriren bat. Hainbat mailatako aitortzak egin zituen Jaurlaritzak, tartean goi mailako Bikain ziurtagiriarena, eta huraxe jaso zuen Azkoitiko Izarraitz lanbide heziketa zentroak. Azkoitiko Ibarmia Innovatek enpresak, berriz, oinarrizko Bikain ziurtagiria eskuratu zuen.

Hizkuntza Politikako sailburuordea, Aitor Aldasoro, izan zen atzoko ekitaldiaren buru, eta bertan izan ziren Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria ere, besteak beste.

Ekitaldian, Aldasorok erakunde publikoek zein pribatuek euskararen normalizazioan duten konpromisoa eta lana azpimarratu zituen: "Garbi dugu euskara gure bizitzako arlo guztietara zabaltzea dela gure helburua. Bide horretan, lan-eremuan euskararen erabilera handitzea lehentasunezkoa eta estrategikoa izango da, eta Lanera proiektuaren bidez zein Bikain eta Harrobi ziurtagiri hauen bidez, bide horretan aurrerapausoak ematen jarraituko dugu", esan zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide