Etxez etxeko zerbitzuaren kontratuaren luzapena aztertuko du bihar udalbatzak

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 17a

Udaletxeko bilkura aretoan egingo dute batzarra. (Guka)

Udal aurrekontuen bozketa atzeratuta, biharko udalbatzarrean bi gai baino ez dituzte eztabaidatuko: batetik, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua luzapena, eta kreditu transferentzien bidez kredituak aldatzeko espediente baten onespena, bestetik. 18:00etan hasiko da bilkura.

Azkoitiko Udalak abenduko bigarren ezohiko bilkura egingo du bihar, osteguna, udaletxeko bilkura areto nagusian. 18:00etan hasita, bi puntuko eguneko zerrenda izango dute hizpide udalean ordezkaritza duten lau taldeek.

Hasiera batean, udal gobernuaren asmoa zen datorren urteko aurrekontuen gaia biharko udalbatzarrean eztabaidatzea. Oposizioko EH Bilduk eta Azkoitia Baik atzo jakinarazi zuten aurrekontuetarako akordioa adostu dutela eta hala, bi taldeen asmoa da hainbat proposamen batera aurkeztea. Dena den, udal gobernuak atzeratu egin du 2026ko udal aurrekontuen bozketa, hark ez baitu adostasunik lortu gehiengoa duen oposizioarekin.

Hori hala, bi kontu baino ez dituzte aztertuko biharko bilkuran. Batetik, etxez etxeko laguntza zerbitzua ematea xede duen kontratua luzatzea izango dute eztabaidagai udal ordezkariek, eta bestetik, kreditu transferentzien bidez kredituak aldatzeko espediente baten onespena. Hona hemen biharko udalbatzarraren gai zerrenda:

  1. Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua ematea xede duen kontratuaren 2. luzapenaren onespena.
  2. Kreditu transferentzien bidez kredituak aldatzeko 5 zenbakidun espedientearen onespena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide