Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatuko du zapatuan, hilak 20, Joseba Beristain musika konpositore azkoitiarra. Intsausti jauregian egingo dute hura elkarteko kide izendatzeko ekitaldia, 12:00etan hasita; ekitaldia irekia izango da herritar guztientzat.
Pedro Berriotxoa elkartearen Gipuzkoako presidenteak irekiko du ekitaldia, eta haren hitzartzearen ondoren aurkeztuko du Beristainek Musika eta kontakizuna: kobazuloetatik zinemara deituriko sarrera ikasgaia. Ekitaldia Juan Bautista Mendizabal elkarteko Adiskide Numerarioaren hitzekin amaituko da. Musika doinuak ere entzun ahal izango dira zapatuan Intsausti jauregian, Ignazio Arakistain musikariak pianofortean hainbat abesti eskainiko ditu eta.
Beristainek EHUn egin zituzten informatika eta ingeniaritza ikasketak. Dena den, gaztetan jo zuen hark musika eta zinema mundura. 2000. urtean hasi zuen azkoitiarrak filmetarako musika konposatzeko ibilbide profesionala, eta orain, amaitzear du Musikako Gradua Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean.
Dokumentaletarako, film laburretarako eta filmetarako musika sortu ohi du, batez ere, Beristainek; besteak beste, Kantauri, Elkano, Magallanes, Unicorn Wars eta Decorado filmetarako egin du musika. Gainera, sari eta izendapen ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar: Loop film laburraren musikagatik Quirino, Fugaz eta Alcine sariak jaso zituen, eta izendapen bereziak lortu zituen Jerry Goldsmith, Crystal Pine edo MundoBSO bezalako jaialdietan. Saririk handiena, ordea, 2022. urtean jaso zuen Beristainek, Goya sarietarako izendapena lortu zuen-eta Unicorn Wars filmerako ondu zuen Batalla abestiagatik.
Dena den, gizarte mailako bestelako hainbat alorretan murgilduta ere ibili izan da Beristain. Irakasle lanetan aritu zen Mondragon Unibertsitatean, Euskal Herriko Zinema Eskolan eta Larrotxene kultur etxean. Era berean, hainbat tailer emandakoa da SGAE, Zineuskadi, Civican eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Eskola egitasmoarekin elkarlanean. Euskadi Irratiako kolaboratzaile izan da Beristain.