Barrokal eta Oskoz, kaiolako lehen txapelaren lehian

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 17a

Oskoz, ezkerrean, joan den asteko finalerdian. (Ane Olaizola)

Zapatu arratsaldean jokatuko dute bergararrak eta lanztarrak Ados Pilotaren lau eta erdiko txapelketaren aurreneko finala, Azkoitiko Gurea frontoian. Aurrez, eskuz binakako lehia bat jokatuko dute elkarte horretako pilotariek. 

Datorren zapatuan Ados Pilota elkartearen lau eta erdikoaren finala jokatuko dute Azkoitiko Gurea pilotalekuan, eta txapela lortzeko gogotsu daude egun horretan kantxan nor baino nor gehiago arituko diren bi protagonistak: Maddi Barrokal (Bergara, Gipuzkoa, 2005) eta Leire Oskoz (Lantz, Nafarroa, 2007). 18:00etan hasita jokatuko dute haiek finala.

"Zaila" ikusten du partida Barrokalek, baina bergararra ez dago lehiari ekin aurretik amore emateko. "Ikusi nuen Leireren finalerdia, eta hasiera-hasieratik eman zuen egundoko maila. Txapela irabazi nahi badut, sendo sartu beharko naiz partidara, eta dena ondo egin", azaldu du pilotariak. Leire "aurkari oso gogorra" da, Barrokalen hitzetan: "Pilotari konpletoa da, lau eta erdian asko jokatzen duena; sanferminetako txapelketa irabazita erakutsi zuen zer-nolako maila duen. Batetik, oso ondo erabiltzen ditu ezker nahiz eskuin eskuak, eta bestetik, asko sartzen da airez. Gainera, fisikoki oso indartsu dago egun. Horregatik guztiagatik, badakit partida zaila izango dela".

"Txapelketa irabazi nahi badut, sendo sartu beharko naiz partidara"

Maddi Barrokal, pilotaria

Ordea, Bergarako pilotaria bere jokoa egiteko prest agertu da; finalerako "oso zentratuta" dago hura. "Txapelketa izugarria ari naiz egiten, eta gosez nago; Leirek ere ez du lan erraza izango. Kantxan erakutsi dut lau eta erdikoa jokatzeko nagoela, fisikoki ondo prestatuta nagoela. Astean zehar ondo prestatzen naiz, eta hori gero nabaritu egiten da kantxan". Bergararrak dio "gogor" egingo duela zapatuko lehian: "Badakit hasieratik sendo sartu behar naizela kantxara; alegia, zentratuta, konfiantzarekin eta gogotsu. Tantoz tanto joango naiz, ezin dut-eta neure buruarekin konfiantza izan 22. tantoa egin arte". 

Bide beretik jo du Oskozek ere. Hark Barrokalek baino bide samurragoa egin du finalera iristeko; izan ere, Ados Pilotaren sanferminetako txapelketa irabazi zuelako, zuzenean sailkatu zen lanztarra txapelketaren final-laurdenetara; Olaberrian (Gipuzkoa) aurreneko fasea jokatzetik libre geratu zen. Oskoz "oraindik lasai" aurkitzen da, baina badaki finala jokatzeko ordua gerturatu ahala, "urduritzen" hasiko dela. Gainera, Barrokal "sendo" ikusten du: "Oso indartsua da Maddi, ez du inoiz etsitzen, eta aunitz borrokatzen du". 

"Ez dut txapelketa behar bezala prestatzerik izan, baina pozik nago"

Leire Oskoz, pilotaria

Ordea, bergararraren antzerako ezaugarriak dituen pilotaritzat du bere burua Oskozek. "Ez dut inoiz pilota galdutzat ematen, eta partida gaizki doanean, saiatzen naiz besoak ez jaisten eta aurrera egiten", adierazi du nafarrak. Horren aurrean, Lantzeko pilotariak dio "konstantea" izaten ahalegindu beharko duela, zapatuan Azkoitian txapela jantzi nahi badu. Oskozek tantoa ahalik eta gehien luzatzea du xede. "Partidan zehar pilotakada asko ematea da nire helburua, eta ez segituan akitzea", nabarmendu du. 

Aurreneko kaiolakoa

Ados Pilota elkarteko pilotariak lehen aldiz ari dira lau eta erdiko txapelketa jokatzen. Olaberrian jokatu zuten txapelketaren aurreneko fasea, eta azken bi asteetan, Azkoitiko Gurea pilotalekuan izan dituzte final-laurdenetako eta finalerdietako kanporaketetako partidak. 

Bai Barrokalek, bai Oskozek, balorazio "oso positiboa" egin dute azken asteetan lehiatu duten txapelketaren bueltan. Barrokalen aburuz, "ondo" etorri zaie txapelketa berria elkarteko pilotari guztiei. "Binakako txapelketa prestatu ahal izateko, orain arte urritik abendura bitartean atseden hartu izan dugu. Erritmoa ez eteteko erabaki genuen lau eta erdikoa jokatzea, eta ondo etorri zaigu". Oskoz ere baikor agertu da. Hark final-laurdenetako eta finalerdietako partidak baino ez ditu jokatu. "Frontballeko munduko txapelketan parte hartu nuen, eta ez nuen lau eta erdikoa behar bezala prestatzerik izan. Horregatik guztiagatik, arras pozik nago". Biak dira gustura, baina txapela Gureako hormek ebatziko dute. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide