Hiru film emango dituzte datozen egunetan Baztartxo antzokian

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 17a

'Un simple accidente' filma.

Programazio komertzialaren barruan, Hanna y las navidades olvidadas eta Golpes haurrentzako zein helduentzako film bana emango dute bi egunez, eta asteartean, zine forum saioa egingo dute Un simple accidente lanarekin. 

Igandetik asteartera bitartean, hiru film eskainiko dituzte Baztartxo antzokian, eta Hanna y las navidades olvidadas, Golpes eta Un simple accidente dira datorren asteburuko programazioan izango diren ikus-entzunezkoak. Larunbatean ez da film emanaldirik izango, Katxiporreta taldeko pailazoek Zerua lapurtu dute ikuskizuna eskainiko dutelako. 

Igande arratsaldean eskainiko dute umeei zuzendutako Hanna y las navidades olvidadas animaziozko filma, 17:00etan. Hanna eta bere lagun munstroek aurrenekoz batera ospatuko dituzte Gabonak, baina Gargola gaiztoa Gabonetako Espiritu bihurtzen denean, gizaki eta izaki guztiek jai horiek ahaztuko dituzte.

Golpes filma, berriz, bita emango dute: igandean 19:30ean, eta astelehenean, ikuslearen egunean, 20:00etan. Honako hau da filmaren sinopsia: 80ko hamarkadan aldaketa betean den Espainian girotuta, Migueli gaizkilea espetxetik ateratzen da. Etorkizunera begiratu nahi du, baina, lehenago, iraganeko zauriak itxi beharko ditu. Horretarako diru asko behar du, eta azkar. Sevillara iritsi bezain laster, bere lehengo taldea biltzen du, eta hainbat lapurreta egingo ditu. Poliziak gaizkilearen anaia Sabinoren esku utzi du kasua, hark oso ondo baitaki nola pentsatzen duten. Baina Migueli azkeneraino iristeko prest dago.

Datorren asteartean, bestalde, zine forum saioa egingo dute Un simple accidente filmarekin, 20:00etan. Iranen girotzen da han bertan ekoitzitako filma, eta Vahid da istorioko protagonista. Mekanikari xume bat da bera, eta Eghbalekin ustekabean topo egin ondoren, ziegan aurkitzen du bere burua. Aztoratuta, Vahidek bere kartzelako kide ohiak bilduko ditu Eghbalen nortasuna egiaztatzeko. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide