Galdaren fabrika bateko langile batzuen greba antolatu nahi eta ezinak, harago joateko gogoak, katarsiaren beharrak ala "trantsizio" esaten dioten garai hura ezaugarritzen zuen hausturak eragin zuten Arco Iris komunitatearen sorrera 1980ko hamarkadan. Haustura eta batura horiei guztiei Irati Gorostidi zuzendariak eskaini dien begirada dakar Aro berria filmak. Gaur Azkoitiko Baztartxo aretoan emango dute, eta atzetik, solasaldia izango da Aimar Uribesalgo pelikulako aktorearekin eta Jokin Beristain lantalde teknikoko kidearekin.
Lehenbizi Zinemaldian eta abenduaren 12az geroztik zinema aretoetan estreinatu den ikus-entzunezkoan, "ohikoa den hori baino pauso bat harago joan da Irati", ziurtatu du Uribesalgok. Haren gurasoak Lizasoko (Nafarroa) Arco Iris komunitateko kide izan ziren, eta horrek gerturatu du zuzendaria ohiz kanpoko gai horretara. "Pelikulan agertzen dira eszena batzuk nik beste ezein pelikulatan ikusi ez ditudanak, eta zerikusia dute gure barruan erreprimituta ditugun emozioak azaleratzearekin. Errealitatearen eta fikzioaren mugak oso lausoak dituen lan bat aurkeztu du Iratik", esan du.
Estreinakoz aktore gisa aritu den oñatiarraren (Gipuzkoa) ustez, filmaren zuzendariak Arco Irisi eskaini dion begiradan ez dago epairik, eta halaber, ez ditu ezkutatu talde tantriko horren kontraesanak, besteak beste, botere harremanetan oinarritutakoak. Eta begirada horrek, Uribesalgoren esanetan, askotariko erreakzioak eragin ditu ikusleengan: "Batzuek esan didate ez zaiela batere gustatu, eta beste batzuek kontrakoa. Esango nuke gustatu ala ez, filmak ez zaituela era neutro batean uzten. Oso barnekoa den zerbait sortzen du".
"Ez da pelikula normal bat", berretsi du Jokin Beristain azkoitiarrak. Terapeuta da, eta Gorostidiren filmean paper garrantzitsu bat jokatzen du, antzezteko beharrik izan ez duen arren. Horretan datza errealitatearen eta fikzioaren talkak Aro berria-n. "[Arco Irisen] garapen pertsonaleko dinamikak katarsian oinarritzen ziren, jendea trantze egoeran sartzean, eta Iratik bizipen horiek pelikulara ekarri nahi zituen, benetako katarsiak eraginez", azaldu du. Beristain, beraz, 60 pertsonako talde baten garapen pertsonaleko dinamikak dinamizatzeaz arduratu da, katarsiak gidatzeaz, modu oso zainduan. Izan ere, "kontu hauek serioak dira, kontuz ibili behar da", ziurtatu du. Haren hitzetan, hain ondo jaso ditu Gorostidik eszena horiek pelikulan, ezen ikusleak senti baitezake "bertan dagoela". "Bizipen horrek duen alde basa erakusten du, egia hori, ezertxo ere puztu gabe", agertu du. Gaur 20:00etan, beraz, katarsia izango da Baztartxon.