Anaitasunako gizon-emakumeen taldeek bide onean jarraitzen dute. Gizonek 2-1 irabazi zioten zapatuan Bergarari etxean, Txerloian. Emakumeek, berriz, bina berdindu zuten Santurtzin (Bizkaia).
Nagusitasuna Anaitasunak erakutsi bazuen ere, lehen zati parekatua jokatu zuten Anaitasunako gizonek eta Bergarak. Halere, abaguneak sortzea kostatu egin zitzaien bai Loren Barbadoren gizonei, bai Bergarakoei. Julen Aramendik eman zuen lehen abisua, baina haren ezkerkadan baloia kornerrera bidali zuen atezainak. Bisitariek ere laster erantzun zuten, erasoko jokaldi azkar bat antolatuta; Josue Goenaga atezainak ekidin zuen kanpokoen ahalegina.
Aurreneko zatian, batik bat, eskuin hegaletik saiatu ziren gorritxoak aurkariari min egiten, eta Bergarakoak, kontraerasora. Lehia atsedenaldira hutsean iritsiko zela zirudienean, lehen zatiko luzapeneko bigarren minutuan egin zuen arratsaldeko aurreneko Anaitasunak; gola geldikako jokaldi batean lortu zuten, gainera. Bergarakoen area ertzeko falta jaurtiketa batean, Ander Pastrian aurrelariak baloia zutoinaren eta langaren eskuadratik bidali zuen sareetara; gol aparta lortu zuen azken asteetan atearen aurrean fin dabilen aurrelari azkoitiarrak.
Bigarren zatira ondo sartu ziren bisitariak, lehia berdintzeko gola lortzeko xedez. Ordea, bestaldean Anaitasunak ere lehen zatian baino gol aukera gehiago sortu zituen, eta Pastrianek izan zuen arratsaldeko bere bigarren gola egiteko aukera garbiena; burukada zutoinera bidali zuen hark. Dena den, aldeak gutxienekoa izaten jarraitu zuen, eta bisitariek aurrera egitea erabaki zuten.
Aurrera egiteko helburuz, atzeko lerrotik jokalari bat kendu zuten Bergarakoek, eta Loren Barbadorek ere jokamolde beraren aldeko hautua eginda erantzun zuen, kontraerasora irteteko asmoa erakutsiz. Hain justu, halako jokaldi batean lortu zuen Anaitasunak arratsaldeko bigarren gola egitea 79. minutuan. Kanpoko taldeak zelai erdian baloia galdu eta gero, Galder Guembek aurkariaren arearaino eraman zuen baloia oinetan, eta hark egindako bakarkako jokaldiari amaiera aparta eman zion Carlos Juaristik.
Bi eta hutseko emaitzarekin partida kontrolpean zuen Anaitasunak, baina area ertzeko falta inozo baten osteko jokaldian lortu zuen Bergarak aldea murriztea; bisitariek ere egundoko gola lortu zuten faltaz. Bi eta batekoaren ostean kanpoko taldeak arriskuak hartu zituen lehia berdintzeko helburuarekin, eta Anaitasunak kontraerasoan egin zituen ahaleginak. Etxekoek sortu zituzten gola lortzeko zenbait egoera, baita gol aukera nabarmenak ere. Area barruko jokaldi batean epaileak Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen, baina Aramendik ez zuen lortu 11 metrotatik egindako jaurtiketan gola egitea, eta lehiak bere horretan jarraitu zuen epailearen amaierako agindura arte.
Garaipen garrantzitsua lortu zuen Anaitasunak Bergararen aurka, haiek sei puntura utzi baitituzte orain. Gainera, bigarren postua sendotu dute Barbadorenek; 35 punturekin lehen postuan jarraitzen du Real Unionek, 28 puntu dituzte gorritxoek, eta 25 puntu Elgoibarrek nahiz Zumaiakok. Datorren zapatuan, abenduak 20, jokatuko dute aurtengo azken norgehiagoka gorritxoek; Zubietan 17:00etan hasita jokatuko du Anaitasunak sailkapeneko azkena den Deustoren aurka.
Puntua Santurtzin
Emakumeen taldeak, bestalde, puntua batu zuen Santurtziko Benjamin Martinez zelaian. Peña Athletic Santurtzi taldearen aurka jokatu zuten Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak zuzendutako emakumeak, eta 2-2 egin zuten. Gogotsu zelairatu zen taldea, eta laster lortu zuen huts eta batekoaren gola egitea. 3. minutuan, area barruko jokaldi batean Leire Uzinek jaso zuen baloia oinetan, eta hark sareetara bidali zuen baloia.
Zelai erdiko borrokan oinarritu zuten jokoa bi taldea. Ordea, area ingurura iristean arriskua sortzen zuen Anaitasunak. Hegaleko jokaldi batetik lortu zuen gorritxoen bigarren gola egitea; 19. minutuan, Kalare Olaizolak egin zuen gola, taldekide baten oinetatik jasotako pasea baliatuz.
Dena den, bigarren goletik aurrera etxeko taldearena izan zen partida. Etxetik kanpo bi goleko errenta hartzea balentria handia da Euskal Ligan, baina Anaitasunak ez zuen asmatu abantaila horri eusten. Atsedenaldirako minutu baten falta lortu zuten Santurtzikoek bat eta bikoaren gola egitea.
Atsedenaldiaren aurretik lortutako golak hauspotuta zelairatu ziren etxekoak bigarren zatira. Amorru biziz jokatu zuten bizkaitarrek lehia, eta Anaitasunak ez zen bere jokoa egiteko gauza izan. Gorritxoek hirugarren gola egiteko aukerak izan zituen, baina barkatu egin zuen Anaitasunak. Gainera, amaiera traketsa bizitzea egokitu zitzaien Oruerenei; lehen zatian bezala, arauzko 90 minutuak betetzeko minutu gutxiren faltan lortu zuten Santurtzikoek binakoaren gola egitea.
Partida gogorra jokatu zuten, eta azkenean, puntu batekin konformatu behar izan zuten bi taldeek. Datorren zapatuan, Basauriko Kimuak taldearekin neurtuko ditu indarrak Anaitasunak. 16:30ean hasita jokatuko dute partida Txerloian. Partida zaila izango dute Oruerenek, sailkapeneko lehenaren bisita jasoko baitute urteko azken partidan.