Zapatutik aurrera ikusi ahal izango da parrokiako jaiotza

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 17a

Iazko jaiotzaren irudietako bat. (Iraia Oteiza)

Azkoitiko parrokiak zapatu arratsaldean inauguratuko du aurtengo urterako prestatu duen jaiotza. Gabonen bueltako egunetan egunero izango da hura bisitatzeko aukera. Bestalde, zapatuan itxiko du Misio Taldeak Portaleburu aretoan duen bidezko merkataritza denda. 

Azkoitiko Parrokiko taldeak datorren zapatuan, hilak 20, zabalduko du Gabonen bueltan Andre Mariaren Jasokundeko parrokian jarri ohi duen jaiotza. Arratsaldeko elizkizunaren ondoren, 20:00 inguruan egingo dute inaugurazioa eta bedeinkapena parrokiako kideek.

Umeen eta familien parte hartzearekin egingo dute jaiotzaren inaugurazio ekitaldiak. Abestiak eta bertsoak kantatuko dituzte guztiek elkarrekin. Hori hala, ekitaldirako gonbidapena herritarrei zabaldu nahi izan die Azkoitiko Parrokiak. "Denak daude deituta ekitaldira; haur txikiak dituzten familiak, seme-alabak dituzten gurasoak edota hala nahi duten guztiak".

Parrokiako ateak egunero zabalduko dituzte Gabonen bueltan. Ostiraleko inaugurazio ekitaldiaren ondoren, hilaren 21etik urtarrilaren 6ra arte ikusi ahal izango da jaiotza. Astegunetan eta larunbatetan, 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:00etara zabalduko dute parrokia, eta igandeetan zein jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara.

Otoitz isila eta denda

Jaiotzaren kontuez gain, Azkoitiko Parrokiak bestelako bi ohar ere eman ditu. Batetik, gogorarazi dute Misio Taldeak datorren zapatu eguerdian itxiko duela Portaleburu erakusketa aretoan duen bidezko merkataritza denda. Gaurtik ostiralera, 10:30etik 12:30era eta 17:00etatik 19:30era zabalduko dute denda. Zapatu goiza izango du azken eguna, eta orduan 10:30etik 12:30era irekiko dute. 

Bestetik, taldeak jakinarazi du kristau egutegia abendualdian murgildu dela, eta aldi horrek irauten duen bitartean, otoitz isila egiteko parrokian elkartuko direla ostiralero, 19:00etan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide