Gabon kanten jaialdiak girotuko du Baztartxoko aretoa datorren igandean

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 11

Gabon kanten jaialdia, artxiboko irudi batean. (Ane Olaizola)

Floreagako Elkarrekin guraso elkarteak antolatuta, eskolako bi abesbatzak zein inguruko herrietako beste lauk parte hartuko dute emanaldian. Saioa "eskuko telefonorik gabeko arnasgune" izatera animatu dute antolatzaileek. 

Floreaga salestar ikastetxeko Elkarrekin guraso elkarteak XXXIV. Gabon Kantak jaialdia prestatu du datorren iganderako, eta 12:00etatik aurrera, sei abesbatza igoko dira Baztartxoko oholtzara askotariko Gabonetako kantuez aretoa girotzera. 

Honako abesbatza hauek parte hartuko dute emanaldian: Azkoitiko Floreaga Txiki abesbatza, Mutrikuko Udal Musika Eskola, Bergarako Musika Eskolako hasiberrien abesbatza, Zumaiako Txori Txiki musika eskola, Urnietako Salestarrak-Magale abesbatza eta Azkoitiko Floreaga abesbatza.

Bestalde, publikoari ere dei egin diote antolatzaileek, emanaldia "eskuko telefonorik gabeko arnasgune" izatera animatu baitute, Azkoitiko Jaso burue! taldea eta Altxa burua mugimendua sakelakoen erabilera "osasungarriaren" inguruan egiten ari diren kontzientziazio lanarekin bat eginez. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide