Beatriz Korta oriotarra izan da aste honetako Dabilen harriari saioaren protagonista. Guka Telebistak atzo gauen, 22:00etan, bota zuen bigarren denboraldiko hamargarren atala, eta horretan, besteak beste, Ortzaika izan zuen hizpide, han jaiotakoa baita. Makina bat lan eta era askotako lanak eginikoa da Korta; eskabetxerian jardundakoa, angulera, saregile eta baita zerbitzari ere. Arrauna ere gertu-gertutik bizi izan du, aitona, aita eta anaia arraunlariak izandakoak baititu, eta gaur egun, halaxe ditu bilobak ere. Senarra duena oso gazterik ezagutu zuen Kortak, baina gogoan du plazan dantza egiteko gogoari eutsi egin behar izaten ziotela, gero apaizarengana konfesatzera joan beharrik ez izateko.
Datorren asteartean Dabilen harriari saioaren bigarren denboraldiko azken atala ikusteko aukera izango dute herritarrek Guka Telebistan, 22:00etan. Asteazken arratsaldetik aurrera, berriz, Gukaren webguneetan ikusi ahal izango da atal hori.