Psikoterapeuta bezala lan egiten duen Jokin Beristain azkoitiarrak 'Argi Izpiak' izeneko hitzaldia eskainiko du hilaren 17an, asteazkenez, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Bi hilean behin eskainiko ditu hark hitzaldiak, eta hil honetan, estresaz eta antsietateaz arituko da hizlaria.
Beristainek dio estresa eta antsietatea "gero eta presenteago" daudela egunerokoan. "Gorputzak berez badaki tentsioari eta emozioei bide ematen, baina sarri blokeatu egiten zaigu: gehiegi pilatzen dugulako edo sentitutakoa kudeatzeko baliabiderik aurkitzen ez dugulako. Maiz sentitzen dugunari ihes egin edo uko egin nahi izaten diogu eta askotan barne borroka horrek berak areagotzen du antsietatea", azaldu du azkoitiarrak.
Antsietateari modu osasuntsuago batean heltzeko "tresna errazak eta praktikoak" eskainiko ditu Beristainek hitzaldian. "Gorputzak esaten digunari lekua egiten ikastea eta gure barruko lasaitasunari atea pixka bat gehiago irekitzea da helburua".
Azkoitiarrak eskainiko duen hitzaldia doakoa izango da, baina aurrez izena eman behar da, plazak mugatuak baitira. Izena emateko, whatsapp bat bidali beharko da 652 20 24 67 telefono zenbakira.