PortaDA! erronka irabazi du Xabier Munibe ikastolako ikasle talde batek

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 8a

Saria irabazi duen azala. (Durangoko Azoka)

Pertsonen gorputzak edo eskura dauden elementuak erabilita, euskarazko disko baten azalean agertzen den irudiarekin bat datorren azal bat sortu behar izan dute ikasleek. Xabi ta Petti bikotearen diskoaren azalarekin jaso dute saria Xabier Munibekoek. 

Xabier Munibe ikastolako LH 5. mailako ikasle talde batek irabazi du Durangoko Azokak antolatutako PortaDA! erronka. Euskarazko liburuak eta diskoak ezagutzeko nahiz ikasleen sorkuntza sustatzeko helburua duen lehiaketa da Durangoko Azokak antolatzen duena, eta Azkoitiko ikastola horretako ikasleek musika eskoletan egindako lana saritu dute Lehen Hezkuntzakoen kategorian. 

Edozein garaitako liburuen eta diskoen portadak aurkeztu ahal izan dituzte ikaslee erronkara, eta Xabier Munibekoek Xabi ta Petti bikotearen diskoaren azala aurkeztu dute. Disko horren azalak trenbide bat erakusten du, eta Azkoitiko ikasleek hainbat hitz garraiatzen dituen egurrezko tren bat jarri dute trenbidearen aurrean. Euskal Herriko dozenaka ikastetxek parte hartu dute egitasmoan; guztira, 430 lan aurkeztu dira lehiaketara eta bi saritu dituzte. DBH-Batxilergoa kategorian Bilboko Urretxindorra ikastolak jaso du saria. 

Xabier Munibeko LH 5. mailako D gelakoek jaso dute saria. (Xabier Munibe)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide