Urola Kostako aurkariak izan dituzte asteburuan Anaitasunako gizon-emakumeek. Emakumeen taldeak Zarautz menderatu zuen zapatuan etxean, baina, gizonek puntua batu zuten Zumaian jokatutako partidan. Dena den, bi taldeak bolada oso onean dira; hirugarren garaipen batu dituzte emakumeek jarraian, eta azken sei partidatan lau garaipen eta bi berdinketa pilatu dituzte gizonek.
Anaitasunak eta Zarautzek partida hasiera lehiatua jokatu zuten, eta zortzigarren minutuan lortu zuten gorritxoek aurreneko gola egitea. Ane Arrizabalagak, Jone Sudupek, Kalare Olaizolak eta June Diazek jokaldi bikaina osatu zuten, eta azken horrek aurretik jarri zuen taldea. Ordea, Zarauzko taldeak ez zuen erraz amore eman; gainera, pixkanaka-pixkanaka jokoaren ekimena hartu zuen berdegunean. Arriskua, baina, Anaitasunak sortu zuen, eta bigarren gola ere gertu izan zuen 21. minutuan. Maria Juaristik, Olaizolak eta Arrizabalagak egosi zuten jokaldia, baina Arrizabalaga gutxigatik ez zen iritsi gorritxoen bigarren gola egitera.
Eta barkamenaren ostean, sarritan gertatzen den moduan, zaplaztekoa jaso zuen Anaitasunak. 29. minutuan, jokaldi ona egin zuten bisitariek, eta haien aurrelariak ez zuen barkatu; banakoa ezarri zuten Zarauzkoek markagailuan. Bisitariek partida zaila proposatu zieten gorritxoei; jokoan ondo eta borrokan gogor aritu ziren Zarauzkoak Txerloian, eta Anaitasunari nahi baino gehiago kostatu zitzaion azken sailkatua mendean hartzea.
Bigarren zatia desberdina izan zen; joan-etorrian ekin zioten lehiari bi taldeek, nahiz eta atseden tarteetan kanpoko taldeak patxada gehiago erakutsi zuen baloia oinetan izateko. Aukera gehiegi ez zen izan Txerloian, baina Anaitasunak izan zituen bereak. Dena den, beste egun batzuetan ate aurrean erraztasun handiagoa ere erakutsi izan du taldeak; kostatu egin zitzaien gorritxoei, baina, azkenean, lortu zuten gola egitea. 78. minutuan, zelairatu berria zen Aretha Azkuek egin zuen Anaitasunari garaipena emateko gola. Zarauzkoen aldaratze batean, Azkuek ezkerrez eta area kanpotik, zetorkion moduan bidali zuen baloia sareetara.
Lehiaren azken minutuetan sufritu zuen Anaitasunak, baina lerroak elkartuz eta sendo azalduz, beste hiru puntu batzeko gai izan zen Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzailearen taldea. Hemezortzi punturekin, Euskal Ligako zortzigarren postuan da orain Anaitasuna. Datorren zapatuan, Peña Athletic Santurtzi taldearekin neurtuko dituzte indarrak gorritxoek; Santurtziko (Bizkaia) Benjamin Martinez zelaian jokatuko dute bi taldeek lehia (18:00).
Irabaztetik gertu Zumaian
Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen gizonen taldeak, bestalde, bana berdindu zuen Zumaiako Aita Mari zelai zailean. Lehen zati oso ona egin zuten gorritxoek, proposatutako jokoa itxura ona emanez gauzatu baitzuten. Aurrean zuen Zumaiako taldeak presio estua egin zion Anaitasunari, baina egoera horietatik aise atera zen taldea erasora.
Gola, ordea, ez zuen jokoan lortu, geldikako jokaldi batean baizik; 27. minutuan, Ander Pastrian aurrelariak lortu zuen huts eta batekoaren gola egitea, Julen Aramendik erdiratutako korner jokaldi bat baliatuz. Handik gutxira ere izan zuten gorritxoek bigarrena egiteko abagunea: Galder Guembek aukera ezin hobea galdu zuen gola egiteko, baina hark ez zuen asmatu atearen aurrean. Aurretik hartu zuten Barbadorenek aldageletarako bidea.
Etxekoek markagailua aurka zuten, eta haiena izan zen jokoaren ekimena bigarren erdian; jokamoldean ukitu batzuk egin zituzten Zumaiakoek, eta Anaitasunak ez zuen guztiz asmatu moldaketa horiei erantzuten. Jokoa Anaitasunaren area ertzera eraman zuten etxekoek, eta ongi estali zituzten zelaiko hutsune guztiak. Modu horretan, aldaratzeak nahiz urruntzeak etxeko jokalarien oinetara erortzen hasi ziren, poliki-poliki Anaitasuna estutuz. Gola ere lortu zuten amaierarako ordu erdiaren faltan; merezimendu handirik egin gabeko jokaldi batean, baina merezitako gola egin zuen Zumaiakok 64. minutuan; baloi erdiraketa batean, inork ukitu gabe zuzen-zuzenean sareetara joan zen baloia.
Bigarren zatiko aurreneko ordu erdia eskasa izan zen Anaitasunarentzat, eta behar baino gehiago sufritu zuen. Ordea, epaileak protagonismoa hartu zuen amaieran, kolore horiko eta gorriko txartelak atera baitzituen hark poltsikotik. 85. minutuan, Zumaiako hamar jokalarirekin gelditu zen, epaileak etxeko jokalari bati zuzenean txartel gorria erakutsita. Luzapenean, berriz, bigarren jokalari bat egotzi zien etxekoei, hari bigarren txartel horia erakutsita. Bitarte horretan Anaitasunak partida irabazteko bi egoera sortu zituen: Aritz Albizuriren oinetan izan zen gola lehen saiakeran, eta Aramendirenean bigarrena. Ordea, biek kale egin zuten ate aurrean, eta azkenean, puntu batekin konformatu behar izan zuten gorritxoek. Lehiaren amaieran, gainera, epaileak Barbado entrenatzailea ere egotzi zuen. Bero joan zen lehiaren azken hondarra, ezbairik gabe.
Gipuzkoako Ohorezko Mailaren sailkapenean aldaketa gutxi izan da asteburuan. Anaitasunak bezala, Real Union lehen sailkatuak eta berdindu egin du igaro berri den asteburuan, haiek Deusto azken sailkatuaren aurka. Hori hala, lehen eta bigarren sailkatuaren arteko aldeak zazpi puntukoa izaten jarraitzen du: 32 puntu ditu Irungo (Gipuzkoa) taldeak eta 25 puntu Azkoitikoak. Datorren zapatuan, Bergara hirugarren sailkatua jasoko dute gorritxoek Txerloian (16:30).